Skip to main content
bannerra

"Busti zaitez" kanpainaren XXII.edizioa uztailaren 14an izango da Gipuzkoako 10 herritan

"Busti zaitez" kanpainaren XXII.edizioa uztailaren 14an izango da Gipuzkoako 10 herritan

“Busti zaitez” kanpainaren XXII.edizioa aurkeztu dute Gipuzkoako Foru Aldundian Maite Peña Gizarte politikako diputatuak eta Ademgi Gipuzkoako esklerosi anizkoitzaren elkarteko kideek. Aurreko edizioetan bezala, uztailaren 14ean egingo dute ekitaldi nagusia Donostiako Kontxa hondartzan. Ekitaldi nagusia Donostian egingo bada ere, Gipuzkoako beste 10 herritan ere ekitaldiak egingo dituzte; Azpeitian, Donostian (Zurriola eta Ondarreta), Errenterian, Hondarribian, Legazpin, Oñatin, Urretxun, Zarautzen eta Zumaian. Ekimenaren helburua da gaixotasun neurologiko honi buruzko ezagutza eta sentsibilizazioa bultzatzea. Izan ere, Gipuzkoan 700 pertsonek dute gaixotasuna, eta 2.500 pertsonek Euskal Herrian. Europan 700.000 pertsonek pairatzen dute gaixotasuna, eta 2,5 milioi dira mundu osoan. Bestalde, gaitza duten hiru pertsonetatik bi emakumezkoak direla azaldu dute. Maria Luisa Ustarroz Ademgi elkarteko presidenteak dei egin die gipuzkoarrei elkartasun bainuan parte har dezaten. Bestalde, zehaztu du 80 boluntario baino gehiagok lagunduko dietela Ademgi elkarteko kideei bainurako prestatutako leku guztietan. Jardunaldiaren amaieran, batu egingo dituzte herri guztietan igerian egindako metro guztiak. Bestalde, herritarrek “BustiZaitez2019” traola erabiltzearen garrantzia azpimarratu du Peñak, kanpainak ahalik eta “oihartzunik handiena” izan dezan sare sozialetan.

 
bannerra

bannerra