Skip to main content
bannerra

Azken bideoak: Politika

bideoa prestatzen
Altsasuko Gurasoek borrokan jarraituko dute gazteak aske izan arte

2018-09-08
Pozik agertu dira Altsasuko Gurasoak haien semeak Euskal Herrira iritsi ostean, baina balorazio gazi-gozoa egin dute, gerturatu badituzte ere, aske nahi baitituzte gazte guztiak. Oraindik ere epaia irmoa ez izan arren, gazteek preso jarraitzen dute eta kautelazko neurriaren erabilera maltzurra dela salatu dute. Hori dela eta, beren semeek askatasuna lortu arte borrokan jarraituko dutela adierazi dute Altsasuko Gurasoek.
bideoa prestatzen
Presoen eta erbesteratuen izenean, independentistek Diadan parte hartzera deitu dituzte katalanak

2018-09-10

Preso politikoen aldeko ekitaldia egingo dute Diadaren bezperan, eta bertan izango dira Generalitateko presidende Quim Torra eta Parlamentuko buru Roger Torrent. Ohikoa denez, Ciudadanoseko eta PPko ordezkariek ez dute bat egingo Generaliateko deialdiekin, baina aurten, lehen aldiz, sozialistek ere ez. Haien iritziz, Generalitateak antolatutako ekitaldiek "katalanen erdiak" soilik ordezkatzen dituztelako.

Astelehen honetan, iluntzean egingo da preso politikoen eta erbesteratuen aldeko martxan. Aurretik, berriz, lore eskaintza egingo du Torrak Bartzelonako Fossar de les Moreres plazan, 1714ko gerran hildakoak gogoan. Hain justu, aurtengoa, askatasunaren aldeko Diada izatea nahi du Torrak. Erbestetik, bestalde, Diadan parte hartzeko deia egin diete herritarrei Carles Puigdemont presidente ohiak zein Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak, Bartzelonako kaleak errepublikaz eta asktasunez bete ditzaten.

Kataluniako Diada aurreratuta ospatu dute Euskal Herrian. ANC Kataluniako Biltzar Nazionalaren Euskal Herriko ordezkariek asteburuan elkarretaratzeak egin dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Bertan, iazko "urriaren 1eko agindua berresteko" eskatu dute. Larunbat arratseko 19:00etan, Iruñeko eta Donostiako udaletxeen aurrean, eta Gasteizko Ama Zuriaren eta Bilboko Arriaga plazetan. Parte-hartzaileek, esteladak eta ikurrinak eskuetan, babesa eman diote Kataluniako Errepublikari, preso politikoen askatasuna aldarrikatzearekin batera. Bilboren kasuan, lazo horiz bete dituzte Arriaga Antzokiaren inguruak, eta "helburua independentzia" dela nabarmendu dute.

bideoa prestatzen
Aurrera atera dira inbertsio jasangarriak Iruñeko Udalean akordioa lortu ostean

2018-09-07
Aurrera atera du Iruñeko Udalak Finantza Jasangarrien Inbertsioen proiektua atzoko Udalaren osoko bilkuran alderdi guztien babesarekin, UPNrena izan ezik, eta zenbait zuzenketa egin ondoren. Iruñeko alkateak adierazi du atzoko osoko bilkuran ikusi zela ezberdinen arteko lana posible dela, alderdi oso ezberdinen artean ados jartzea lortu baitzuten. Proiektua aurrera atera da oraingoan, pasa den uztailean bertan behera geratu ondoren babes faltagatik.
bideoa prestatzen
LAB-ek lan harremanak duintzean eta aldaketa sozial eta politikoa lortzeko borrokan jarraituko du

2018-09-05
LAB Sindikatuak datorren kurtsorako erronkak aurkeztu ditu. Lan harremanak duintzeko lanean eta aldaketa sozial eta politikoa lortzeko borrokan jarraituko dutela adierazi du Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak. Estatus berriaren inguruan ere aritu da Aranburu. Erabakitzeko eskubidea eta enplegu arloko eskuduntza guztiak bereganatzea ezinbestekotzat jo du LAB-ek.
bideoa prestatzen
EH Bildurekin adostutakoarekin jeltzale "denak" ados daudela ziurtatu du Erkorekak

2018-09-05

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak esan du EAJn denak daudela ados EH Bildurekin estatus berriaz adostutako oinarriekin. Izan ere, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak astelehenean adierazi zuen "aztertu" beharra dagoela EAJk eta EH Bilduk adostutako edukiak, baina oinarri horiei ez zaiela uko egin behar. Erkorekak argitu du ez dagoela "sakoneko desberdintasunik" bi iritzien artean.

Akordioan parte hartu duen koalizioko koordinatzaile Arnaldo Otegi Bruselan da, Abdullah Öcalan buruzagi kurdua aske uztea eskatzeko ekitaldi batera joanda. EH Bilduko ordezkariak han hartu du hitza eta esan du EAJrekin egindako akordioak “Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren gehiengoaren sentimendu politikoarekin” konektatzen duela.

Jeltzaleen kritiketako bat izan da PSE-EEk eta PPk ez dituztela beren jarrerak moldatu akordio bat errazteko. Kritika horri, ordea, gaur erantzun dio Idoia Mendia PSEko idazkari nagusiak. Esan du sozialistak "jada mugitu" direla estatutua erreformatzea onartuta.

PP ere agertu da EAJren eta EH Bilduren akordioaren kontra. Alfonso Alonso presidenteak jakinarazi duenez, PPk egitasmo bat aurkeztuko du Eusko Legebiltzarrean, EAJk akordio horretan "atzera" egin dezan, popularrek ikusten duten arriskuari aurre hartzeko.

bideoa prestatzen
Iruñeko Amabilizazio Planaren emaitza onak nabarmendu ditu Udalak

2018-09-05
Iruñeko erdigunean Amabilizazio Plana ezarri eta urtebetera, balorazio ona egin du Udalak. Jakitera eman dutenez, Ensantxeko trafikoa %90ean jeitsi da eta %50ean Alde Zaharrean. Horrekin batera, garraio publikoa eta txirrindularen erabilera handitu egin da. Planaren bigarren fasea urrian hastea aurreikusten du Iruñeko Udalak.