Skip to main content

Azken bideoak: Politika

bideoa prestatzen
EH Bildurekin adostutakoarekin jeltzale "denak" ados daudela ziurtatu du Erkorekak

2018-09-05

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak esan du EAJn denak daudela ados EH Bildurekin estatus berriaz adostutako oinarriekin. Izan ere, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak astelehenean adierazi zuen "aztertu" beharra dagoela EAJk eta EH Bilduk adostutako edukiak, baina oinarri horiei ez zaiela uko egin behar. Erkorekak argitu du ez dagoela "sakoneko desberdintasunik" bi iritzien artean.

Akordioan parte hartu duen koalizioko koordinatzaile Arnaldo Otegi Bruselan da, Abdullah Öcalan buruzagi kurdua aske uztea eskatzeko ekitaldi batera joanda. EH Bilduko ordezkariak han hartu du hitza eta esan du EAJrekin egindako akordioak “Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren gehiengoaren sentimendu politikoarekin” konektatzen duela.

Jeltzaleen kritiketako bat izan da PSE-EEk eta PPk ez dituztela beren jarrerak moldatu akordio bat errazteko. Kritika horri, ordea, gaur erantzun dio Idoia Mendia PSEko idazkari nagusiak. Esan du sozialistak "jada mugitu" direla estatutua erreformatzea onartuta.

PP ere agertu da EAJren eta EH Bilduren akordioaren kontra. Alfonso Alonso presidenteak jakinarazi duenez, PPk egitasmo bat aurkeztuko du Eusko Legebiltzarrean, EAJk akordio horretan "atzera" egin dezan, popularrek ikusten duten arriskuari aurre hartzeko.

bideoa prestatzen
Iruñeko Amabilizazio Planaren emaitza onak nabarmendu ditu Udalak

2018-09-05
Iruñeko erdigunean Amabilizazio Plana ezarri eta urtebetera, balorazio ona egin du Udalak. Jakitera eman dutenez, Ensantxeko trafikoa %90ean jeitsi da eta %50ean Alde Zaharrean. Horrekin batera, garraio publikoa eta txirrindularen erabilera handitu egin da. Planaren bigarren fasea urrian hastea aurreikusten du Iruñeko Udalak.
bideoa prestatzen
Bordeleko Akademiarekin akordiorik lortu ez eta mobilizazioak gogortuko ditu Seaskak

2018-09-05
Jean–Michel Blanquer ministroak Pauera egingo duen bisitarekin bat, Pauen bertan manifestazioa antolatu du Seaskak larunbatean. Asteartean bildu ziren Olivier Dugrip Bordeleko Akademiako errektore eta Hur Gorostiaga Seaskako lehendakaria, baina fruiturik gabe. Ikastolek eskatu dituzten 25 irakasle berrietatik 5 baino ez ditu finantzatu nahi Frantziako Hezkuntza Ministerioak eta jarrera ikusita, protestak areagotu eta tokiko instituzioetara jotzea erabaki du Seaskak.
bideoa prestatzen
Kataluniaren aldeko martxara deitu du Torrak, konponbide bakarra autodeterminazioa delakoan

2018-09-05

Datozen hilabeteetarako independentisten bide orria azaltzeko egindako hitzaldian, Quim Torra Generalitateko presidenteak proposamena egin du: «Kataluniaren eskubide zibilen, sozialen eta nazionalen» aldeko martxa bat egitea proposatu du. Horrez gain, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari erantzun dio autodeterminazio erreferendum batek «soilik» konponduko duela auzia.

Torrak asteartean adierazi zuenez, «herritarrek» lortzen dituzte errepublika edota subiranotasuna, “ez datoz bulegoetatik”. Ba herritar horiei zuzendu zaie Generalitateko presidentea, eta aipaturiko martxa egitea proposatu die. Zehaztasunik ez du eman Torrak, baina asteak daramatza «etenik gabeko mobilizazioetarako» deia eginez, ezinezkoari irabazteko gonbita egin du.

Maila instituzionalean, berriz, Torrak argi asko erantzun dio Espainiako Gobernuko presidenteak bezperan egindako proposamenari. Gatazka politikoa konpontze aldera, autogobernuari buruzko erreferendum bat proposatu du Sanchezek. Generalitatekoak areago joan nahi du, ordea. Autodeterminazio erreferenduma da Torrak hobesten duena.

Torraren hitzaldia bukatu eta berehala, Isabel Celaa Espainiako Gobernuko bozeramailea agertu zen hedabideen aurrera. Haren erantzuna Generalitateko presidenteari: independentistek ez dutela «gehiengo sozialik». Hala ere, Celaak ez dio autogobernuari buruzko elkarrizketari biderik itxi.

Independentista katalanen aldetik ere etorri dira erreakzioak Torraren hitzaldiaren ondoren. Dirudienez, Generalitateak aldebakarreko bideari muzin egiten baitio. Hori da, hain justu, ERC Esquerra Republicanak momentu honetan eskatzen duena. CUPeko Carles Rierak TV3n esan duenez, kontraesanak daude Torraren hitzetan. Rieraren hitzetan, ezin da gizarte mobilizaziorik deitu, Espainiako Konstituzioak ezarritako arauetatik irteteko prestasunik gabe.

Urak mugituta ekin diote katalanek ikasturte politikoari. Hain justu, Xavier Domenech Catalunya En Comuko liderrak dimititu egin du. Beraz, bai Kataluniako Parlamentuan zuen diputatu aktari, baita gainontzeko kargu politikoei ere uko egin die. Politikoki eta pertsonalki «akituta» dagoelako hartu du erabakia.

bideoa prestatzen
Joseba Asiron: “Aldaketa ulertzeko modurik onena laukoaren alde egitea da”

2018-09-03
Joseba Asironek beste behin nabarmendu du Iruñeko Udalean IE eta Aranzadik jarraitzeko beharra, aldaketaren barruan segitzeko, alegia, eta ez dezaten oposizioarekin bat egin. Iruñeko alkateak adierazi du guztiek arduraz jokatzea beharrezkoa dela, gertu dauden hauteskundeen urduritasuna eta estrategia politikoak alde batera utzita. Aldaketa ulertzeko modurik onena laukoaren alde egitea dela gaineratu du.
bideoa prestatzen
Belgikako auzitegiak irailaren 25ean aztertuko du Llarenaren aurkako salaketa

2018-09-04

Belgikako Justiziak irailaren 25era atzeratu du Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epailearen kontrako salaketa aztertzeko saioa. Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak eta haren gobernuko kontseilari izandako Toni Comin, Meritxell Serret, Lluis Puig eta Clara Ponsatik euro bateko kalte-ordain sinbolikoa eskatu diote epaileari, haien errugabetasun presuntzioa urratzeagatik.

Salatzaileak urriaren 1eko erreferendumaren antolaketarengatik auzipetu zituen Llarenak, Espainian. Beren errugabetasun presuntzioa urratzea egozten diote buruzagi independentistek Llarenari. Bruselako epaileak ez du adierazi auzia bere gain hartzeko eskumenik duen ala ez. Aldeen alegatu idatziak jasotzera mugatu da, eta hurrengo saiorako data eta ordua zehaztu ditu: irailak 25, 9:00etan.

Hakim Boularbah Llarenaren abokatuak adierazi duenez, defentsak eskatu du hurrengo saioa irailaren 25era atzeratzea, "Espainiako Erreinuak bere jurisdikzio immunitatea defenda dezan". Horrez gain, Llarenaren abokatuek eskatu dute hurrengo saioa hiru epailerekin egitea, bakarrarekin beharrean, auzia konplexua dela argudiatuta. Salatzaileek ez diote eragozpenik jarri saioa hiru epailerekin egiteko eskariari. Llarenak ez zuen derrigor gaurko saiora agertzea, eta ez joatea erabaki du. Epaitegian izan dira, ordea, Comin eta Puig Kataluniako kontseilari ohiak.

Espainiako Gobernuak bere gain hartu du Llarenaren defentsa, hasiera batean hala egiteko asmoa ez zuela adierazi zuen arren, "afera pribatua" zela iritzita. Jarreraz aldatu du, baina, eta Llarenaren kontrako salaketa "estatu auzia" dela ziurtatu du, jokoan dagoena Espainiaren subiranotasun jurisdikzionala dela argudiatuta.