Skip to main content

Azken bideoak: Politika

bideoa prestatzen
Etorkizun politikoaz erabakitzeko aukeraz galdetuko dute Donostian

2018-09-19

Azaroaren 18an egingo dute estatus politikoari buruzko kontsulta Donostian, eta aurkeztu dute galdera: "Nahi al duzu euskal herritarrok gure etorkizun politikoa geure kabuz eta aske erabakitzea?". Galdera erabakitzeko prozesua parte hartzailea izan dela nabarmendu dute, aurrez aurre eta digitalki proposamenak egiteko eta eztabaidatzeko aukera eman dietelako ehunka donostiarrei.

Gipuzkoakoa izango da, beraz, herri galdeketa egingo duten lehen euskal hiriburua, baina egun berean herri gehiagotan ere jarriko dituzte hautetsontziak: Irunen, Balmasedan, Zallan eta Alonsotegin, hain justu.

Ia urtebete pasatu da Donostia Galdeketa plataforma sortu zutenetik, eta herri galdeketen protokoloa jarraituta hiru urrats egin dituzte: sinadura bilketa, galdera adostea eta Adosgunea osatuta galdeketa eguna antolatzen hastea.

Azaroaren 18ra begira, urriaren 28rako antolatutako kalejira ere nabarmendu dute, hain justu, egun horretan iritsiko baitira hautetsontziak Donostiara eta egun horretatik aurrera egongo baita aukera boto aurreratua emateko.

Antolaketa guztia aurrera ateratzeko 1.000 boluntario ere beharko dituzte eta donostiarrei dei egin diete auzoetan antolatutako taldeetara jota edo Internet bidez batu daitezen. Zehazki, 34 hautetsontzi jarriko dituzte hiriko auzo guztietan, kontuan izanda Igeldon eta Zubietan dagoeneko egin dutela galdeketa.

bideoa prestatzen
Bere jarduna defendatu eta PPren finantziazio irregularra ukatu du Aznarrek

2018-09-18
Jose Maria Aznarrek esan du PPn ez dela B kutxarik egon, eta alderdiko presidente zela ez zuela gainsoldatarik jaso. Alderdien galderei erantzun behar izan die PPren finantziazio irregularrari buruzko ikerketa batzordean.
bideoa prestatzen
Kataluniari elkartasuna adierazteko ekitaldia egingo du Gure Esku Dagok Gernikan

2018-09-18
Irailaren 29an izango da, eta horrekin iazko urriaren 1eko erreferendumean "demokraziaren, bakearen eta askatasunaren alde egin zuten herritarren duintasuna" goretsi nahi dute.
bideoa prestatzen
Gazte borroken belaunaldi arteko 'bulkada berriak', Jarrairen 40. urtemugan

2018-09-17

Hainbat belaunalditako mila lagun inguru elkartu dira, igande eguerdiz,Leitzan, ‘Bulkada berrien garaia da!’ ekitaldian. Ezker abertzaleko gazte antolakundea sortu zeneko 40. urtemugaren harira antolatu dute agerraldia Aitzina eta Ernai gazte erakundeek eta urteurrena ospatzeko zein belaunaldien arteko transmisioa bermatzeko dituzten asmoen berri eman dute. Hori bai, lehen keinua, Leitzara hurbildu ezin duten Altsasuko gazteei egin diete.

2019an, lau hamarkada beteko dira Jarrai gazte erakundea sortu zenetik urtemuga hori baliatuko du ezker abertzaleko gazte mugimenduak iraganean gazte antolakundeetan aritutakoak, egun ari direnak eta etorkizunean arituko direnak batzeko. Ekitaldian aldarrikatu dutenez, urte luzez Euskal Herriari konpromiso militantez ekarpena egin diote eta mugaz gaindi antolatu, borrokatu eta bizitzeko gai izan dira. Orain, berriz, bulkada berrien garaia dela iruditzen zaie.

Hainbat belaunalditako gazteen borrokak utzi duen ondarea eurena egiten dutela adierazi dute Leitzan bildu diren gazteek eta ondare horri balioa emateko 40 urteetako ibilbidea liburu batean bildu eta argitaratuko dute aurtengo abenduan.

Datorren udaberrirako ere aurreikusi dute beste mugarri bat, apirilaren 19tik 22ra bitartean, Gazte Topagune “erraldoi bat” egitea aurreikusi baitute. Besteak beste, gazte belaunaldien arteko elkargunea izateko helburuarekin.

bideoa prestatzen
San Fermin Txikin Rozalejo jauregian jarduerarik ez egiteko eskatzen duen adierazpena onartu du Iruñeko Udalak

2018-09-17
San Fermin Txikin Maravillas gaztetxean jarduerarik ez egiteko eskatzen duen adierazpena onartu du gaurkoan Iruñeko Udaleko Presidentetza batzordeak. UPNk aurkeztutako adierazpena da eta horren bidez Rozalejo jauregian, datorren asteburuan, edozein motatako jarduerak ekiditeko neurriak abian jar ditzan eskatu dio Udalari.
bideoa prestatzen
Eten egin dute 'De Miguel auzia', defentsa eta Fiskaltza akordio bila ari direlako

2018-09-17

'De Miguel auzia' etenda geratu da bi asterako, fiskala eta Alfredo de Miguelen abokatua akordiora heltzekotan direlako. Josu Izagirre fiskalak egin du epaiketa eteteko eskaera, eta baieztatu du, Arabako EAJko kargudun ohiei eragiten dien auzian, 26 akusatuekin akordioa ixteko asmoa duela. Auzipetu guztiak, eta auzian parte hartzen ari diren Eusko Jaurlaritzako zein Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak ados agertu dira erabakiarekin.

Dirudienez, auzipetuek egozten zaizkien delituak onartuko dituzte zigor eskaerak murriztearen trukean. Momentuz, De Miguelenetzat eskatzen du zigorrik handiena Fiskaltzak: 54 urte; eta 32 eta 4 urte bitarteko zigorrak gainerakoentzat. Orotara, 439 urteko kartzela zigorra, eroskeria, dirua zuritzea eta prebarikazioa leporatuta, besteak beste.

Arabako Probintzia Auzitegiko epailearen aurreran deklaratzen hastekoak ziren gaur De Miguel auziko akusatuak. Urtarrilean abiatu zen ustezko ustelkeria sarea ikertzeko ahozko epaiketa, eta 26 lagun daude akusatuen aulkian; tartean, Alfredo de Miguel Arabako EAJko buruzagi ohia. Hark izan behar zuen deklaratzen lehena, gaur, 09:30ean, baina ez du egin.

Ustezko iruzurragatik Euskal Autonomia Erkidegoan sekula egin den epaiketarik handiena da De Miguel auzikoa. Epaiketa hasi zenetik, ehunka lekuko eta dozena bat peritu pasatu dira auzitegitik. Besteak beste, jakin da De Miguelek 25 sozietate inguru sortu zituela propio iruzur egiteko.