Skip to main content

Azken bideoak: Ekonomia

bideoa prestatzen
Etxe kaleratzeen uholde berri baten arriskuaz ohartarazi dute euskal plataformek

2018-11-15

Higiezinen kredituen lege berrian, aurreratutako epe mugaren atzera eraginaren klausula mantentzen bada, bankuek etxe kaleratzeak egiteko aukera izango dutela salatu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Kaleratzeak Stop plataformek. Klausula horren bidez, hipoteka ordaintzeari utzitakoan maileguaren osotasuna eskatzeko aukera dute bankuek. Eta salatu dutenez, hipoteka iruzurrengatik bederatzi kuota baino gehiago zor dituzten familia zaurgarriak etxerik gabe utziko lituzketela bankuek.

Klausula hori Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak abusuzkotzat jotakoen artean dago, eta, ondorioz, hori baliatuta egin asmo ziren kaleratze prozedurak etenda geratu ziren. Iaz, ordea, Espainiako Auzitegi Gorenak bankuen aldeko mugimendua egin zuen, Europako auzitegiari hipoteken exekuzioaz galdetuta, aurreratutako epe mugaren atzera eragina aintzat hartuta. Ondorioz, 80.000 hipoteka exekuzio daude ebazpen zain.

Espainiako Diputatuen kongresuan asteazkenean egindako ekonomia batzordean, premiaz onartu nahi dute higiezinen kredituen lege berria. Eta kaleratzeen aurkako plataformek salatu dutenez, lege horren lehenengo xedapen iragankorrean aipatzen da aurreratutako epe mugaren atzera eragina. Kaleratzeen aurkako plataformek hipoteka kontratuetako klausuletatik bidegabeena dela hori salatu dute, Espainia mailan, egun indarrean dauden sei milioi hipoteketan ageri dena eta 600.000 kaleratze eragin dituena.

Hainbat gizarte eragile, alderdi politiko eta sindikaturen babesarekin egindako agerraldian, kaleratzeen aurkakoek eskaerak egin dizkiete euskal ordezkari publikoei. Hasteko, Eusko Legebiltzarreko alderdi politikoei eskatu diete Espainiako Kongresuan dituzten diputatuek bozka dezatela higiezinen kredituen lege berriko lehen xedapen iragankorra ezabatzearen alde.

Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeei eskatu diete 2015ean hartutako konpromisoa bete dezatela, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa, zein Gasteiz, Bilbo eta Donostia kaleratzerik gabeko lurraldeak izateko hartutako konpromisoari, hain justu.

bideoa prestatzen
ELAren esanetan, EAEko 2019ko aurrekontuak "PPren aurrekontuak dira"

2018-11-13
ELAren ustez onartezinak dira Eusko Jaurlaritzak proposatutako aurrekontuak. Rajoy-ren gobernuarekin adostutakoaren arabera egindakoak direla ziurtatu du sindikatuak eta gastu araua errespetatzeko murrizketa politiketan sakontzen dela salatu ere. Horren aurka, gastu araua haustea eta zerga erreforma aurrerakoia exijitu dituzte eta indar progresistei jarrera irmoa eskatu diete proiektuaren aurka.
bideoa prestatzen
Kontserbetako langileek hitzarmen berria eta baldintza duinak aldarrikatu dituzte Bizkaiko patronalaren aurrean

2018-11-13
Bizkaiko kontserberetan hitzarmen berria aldarrikatzeko protesta egin dute LAB, CCOO eta UGT-k CEBEK patronalaren egoitzaren aurrean. Sektore feminizatua da “soldata duinak” zein bestelako lan eskubideak eskatu dituzte. Negoziaketek aurrera jarraitzen dute baina patronala zein sindikatuen posizioak oraindik ere akordiotik urrutik daude.
bideoa prestatzen
EAEko aurrekontuak ez dira sozialak ezta burujabeak LAB sindikatuaren en ustez

2018-11-12
LAB Sindikatuak ez nahikotzat jo ditu Eusko Jaurlaritzak proposatutako aurrekontuak. Behar sozialei ez erantzutea eta zorraren ordainketa lehenestea egotzi dio sindikatuak Jaurlaritzari, proposamenak ez baitu BPGaren igoerarekin batera areagotzen gastu soziala. Kritikatzeaz gain, zuzenketak proposatu dituzte herritarren eros ahalmena berreskuratzeko eta industrian inbertsio handiagoa eskatu dute, La Navalen ematen ari den egoera ekiditeko.
bideoa prestatzen
Azken lan heriotza salatu dute sindikatuek Nafarroan

2018-11-09
Nafarroan izandako azken lan istripu bidezko heriotza salatzeko elkarretaratzea egin dute sindikatuek Iruñeko lan ikuskaritzaren aurrealdean. Azpikontratazioek eta jardunaldi eta lan erritmo jasanezinek langileen bizitzak arriskuan jartzen dituztela salatu dute eta ezbeharraren ikerketa ahalik eta azkarren egitea eskatu dute gertaera eta ardura argitze aldera. Dagoeneko 21 dira lan istripuetan hildakoak Nafarroan aurten.
bideoa prestatzen
Van Oord armadoreak negoziaketak utzi ditu inbertitzaile baten zain

2018-11-09
Van Oord armadore holandarra Alexia ontzia La Navalen bukatzeko negozioaketak utzi ditu inbertitzaile baten zain. Langileek manifestazioa egin zuten Barakaldon inbertitzaile nagusi horiek Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua izan daitezen. Ezkerraldeko enpregua babesteko erantzunkizuna bi gobernuen ardura dela adierazi zuten eta abenduaren 1an Bilbon beste manifestazio baterako deia luzatu zuten enpresa batzordeko kideek.