Skip to main content

Azken bideoak: Herri mugimendua

bideoa prestatzen
Etorkizun politikoaz erabakitzeko aukeraz galdetuko dute Donostian

2018-09-19

Azaroaren 18an egingo dute estatus politikoari buruzko kontsulta Donostian, eta aurkeztu dute galdera: "Nahi al duzu euskal herritarrok gure etorkizun politikoa geure kabuz eta aske erabakitzea?". Galdera erabakitzeko prozesua parte hartzailea izan dela nabarmendu dute, aurrez aurre eta digitalki proposamenak egiteko eta eztabaidatzeko aukera eman dietelako ehunka donostiarrei.

Gipuzkoakoa izango da, beraz, herri galdeketa egingo duten lehen euskal hiriburua, baina egun berean herri gehiagotan ere jarriko dituzte hautetsontziak: Irunen, Balmasedan, Zallan eta Alonsotegin, hain justu.

Ia urtebete pasatu da Donostia Galdeketa plataforma sortu zutenetik, eta herri galdeketen protokoloa jarraituta hiru urrats egin dituzte: sinadura bilketa, galdera adostea eta Adosgunea osatuta galdeketa eguna antolatzen hastea.

Azaroaren 18ra begira, urriaren 28rako antolatutako kalejira ere nabarmendu dute, hain justu, egun horretan iritsiko baitira hautetsontziak Donostiara eta egun horretatik aurrera egongo baita aukera boto aurreratua emateko.

Antolaketa guztia aurrera ateratzeko 1.000 boluntario ere beharko dituzte eta donostiarrei dei egin diete auzoetan antolatutako taldeetara jota edo Internet bidez batu daitezen. Zehazki, 34 hautetsontzi jarriko dituzte hiriko auzo guztietan, kontuan izanda Igeldon eta Zubietan dagoeneko egin dutela galdeketa.

bideoa prestatzen
Gazte borroken belaunaldi arteko 'bulkada berriak', Jarrairen 40. urtemugan

2018-09-17

Hainbat belaunalditako mila lagun inguru elkartu dira, igande eguerdiz,Leitzan, ‘Bulkada berrien garaia da!’ ekitaldian. Ezker abertzaleko gazte antolakundea sortu zeneko 40. urtemugaren harira antolatu dute agerraldia Aitzina eta Ernai gazte erakundeek eta urteurrena ospatzeko zein belaunaldien arteko transmisioa bermatzeko dituzten asmoen berri eman dute. Hori bai, lehen keinua, Leitzara hurbildu ezin duten Altsasuko gazteei egin diete.

2019an, lau hamarkada beteko dira Jarrai gazte erakundea sortu zenetik urtemuga hori baliatuko du ezker abertzaleko gazte mugimenduak iraganean gazte antolakundeetan aritutakoak, egun ari direnak eta etorkizunean arituko direnak batzeko. Ekitaldian aldarrikatu dutenez, urte luzez Euskal Herriari konpromiso militantez ekarpena egin diote eta mugaz gaindi antolatu, borrokatu eta bizitzeko gai izan dira. Orain, berriz, bulkada berrien garaia dela iruditzen zaie.

Hainbat belaunalditako gazteen borrokak utzi duen ondarea eurena egiten dutela adierazi dute Leitzan bildu diren gazteek eta ondare horri balioa emateko 40 urteetako ibilbidea liburu batean bildu eta argitaratuko dute aurtengo abenduan.

Datorren udaberrirako ere aurreikusi dute beste mugarri bat, apirilaren 19tik 22ra bitartean, Gazte Topagune “erraldoi bat” egitea aurreikusi baitute. Besteak beste, gazte belaunaldien arteko elkargunea izateko helburuarekin.

bideoa prestatzen
LAB sindikatuak lan arautegian eta babes sozial gaietan eskuduntza guztiak bereganatzea eskatzen dio Estatus berriari

2018-09-14
LAB sindikatuak lan arautegian eta babes sozial gaietan eskuduntza guztiak bereganatzea eskatzen dio Estatus berriari. Lan eta bizi baldintza duinak eraikitzean ezinbestekotzat jotzen du sindikatuak gai horietan erabakiak hartzeko ahalmen osoa edukitzea. Lan harreman propioek eta negoziazio kolektiborako euskal marko propioa ere beharrezkoak direla adierazi dute. Autogobernu lantaldearen akordioa positibotzat jo dute baina EAJrekiko mesfidati agertu dira, adostasuna zabaltzearen bidean, akordioaren oinarri den erabakitzeko eskubidea urratuko duen beldur baita LAB.
bideoa prestatzen
Gure Esku Dago-k La Vuelta-ko bide bazterrak aldarriz betetzeko deia egin du

2018-09-08
Erabakitzeko eskubidearen aldeko erakundeak txirrindularitza lasterketa baliatuz euren aldarriak plazaratzeko deia egin du igandean antolatutako ekitaldian. Espainiako Vuelta Euskal Herritik pasako da asteazkenean, hilak 12, eta horren aurretik etapak hartuko dituen lekuetatik ibilbidea antolatu zuen GED-k, Oiz mendian bukatuta.
bideoa prestatzen
Bordeleko Akademiarekin akordiorik lortu ez eta mobilizazioak gogortuko ditu Seaskak

2018-09-05
Jean–Michel Blanquer ministroak Pauera egingo duen bisitarekin bat, Pauen bertan manifestazioa antolatu du Seaskak larunbatean. Asteartean bildu ziren Olivier Dugrip Bordeleko Akademiako errektore eta Hur Gorostiaga Seaskako lehendakaria, baina fruiturik gabe. Ikastolek eskatu dituzten 25 irakasle berrietatik 5 baino ez ditu finantzatu nahi Frantziako Hezkuntza Ministerioak eta jarrera ikusita, protestak areagotu eta tokiko instituzioetara jotzea erabaki du Seaskak.
bideoaren irudia
Migrante eta errefuxiatuen eskubideen alde, Mugak Zabalduz karabanak Italiarako bidea hartu du

2018-07-13

Italiako gobernuak, Matteo Salvini barne ministroaren ekinbidez, migrante, errefuxiatu edo gutxiengoen aurka darabilen jarrera xenofonoa salatzeko asmoz, ehunka lagunek bat egin dute Mugak Zabalduz karabanarekin. Euskal Herrian, gaur bertan abiatu dira. Horiek horrela, Bilbotik 130 lagun atera dira, gehienak emakumezkoak. Mediterraneo itsasoan bizi den egoera lazgarria bertatik bertara ezagutu eta Sizilia bezalako guneetan, laguntza eman nahi dute. Italia zein beste herrietatako esperientzietatik ikasi, hango mugimenduekin zubiak eraiki eta Euskal Herrian baliagarriak izan daitezkeen neurriak eta bitartekoak ezagutzeko aukera izango dute. Dena, migrante zein errefuxiatuen bizi baldintzak hobetu eta euren eskubideak errespetatuak izan daitezen.