Skip to main content

Azken bideoak: Euskara

bideoa prestatzen
Euskararen arnasguneen garapenerako jauzia, urriaren 10ean, Azpeitian

2018-09-26

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kontseiluak, UEMAk, Gaindegiak, Azpeitiko Udalak eta UEUk elkarlanean antolatu dute Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen prebentziotik garapenera jardunaldia. Urriaren 10ean egingo da, Azpeitiko San Agustin kulturgunean. Laugarren aldiz egingo da jardunaldia, eta oraingoan, euskararen arnasguneen garapen iraunkorra bermatzeko oinarriak proposatuko dituzte.

Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasunerako zuzendariak nabarmendu du Gipuzkoako Foru Aldundiak zeharkakotasunez lantzen dituen politiken artean dagoela hizkuntzarena, eta estrategikoa deritzo Gipuzkoan euskararen eta herrien garapena lotzeari.

Aurrez egindako jardunaldiek emaitza praktikoak eskaini dituztela uste du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok, eta, laugarrenarekin bide bera egin nahi dute hizkuntzaren jasangarritasunean.

Jardunaldiek, orain arte, hizkuntza politikarako neurri praktikoak proposatzeko aukera eman dutela iruditzen zaio Josu Labaka UEMAko lehendakariari eta urriaren 10ean egingo denak jauzi kualitatiboa emateko balio beharko lukeela uste du.

Azpeitiko Udalak ere parte hartu du jardunaldien antolaketan. Eneko Etxeberria alkateak aitortza gisa ulertzen du jardunaldia herri horretan egiteko aukera, eta udalak lantzen dituen bi lan ildoekin lotura duela esan du.

Esan bezala, jardunaldia urriaren 10ean izango da, Azpeitiko San Agustin kulturgunean: 08:30ean harrerarekin hasi eta 18:15ean ondorioen irakurketarekin amaituko da. Tartean, hainbat hitzaldi eta mahai inguru antolatu dituzte.

bideoa prestatzen
Hiriburuan: Euskaraldia, euskaldunak aktibatzeko ekitaldia

2018-09-24
Hiriburuan saioan, Beñat Zarrabeitia lankidearen eskutik, azaroaren 23tik abenduaren 3-ra bitartean ospatzekoa den Euskaraldia-ren inguruko monografikoa eskaini genuen. Bertan, Bilbo, Deustua eta Laudioko esperientziak gertutik ezagutu genituen, ekimenak eskaintzen dituen aukerak aztertuz, erronkak markatuz eta utzi beharreko ondarea aztertuz.
bideoa prestatzen
‘Hizkuntza eskubideak bermatzeko Legearen bidean’, UEUren jardunaldia Iruñean

2018-09-24
‘Hizkuntza eskubideak bermatzeko Legearen bidean’ izeneko jardunaldia egingo du UEUk Iruñean. Bertan, Nafarroako euskararen zonifikazioaren ondorioak aztertuko dituzte ikuspegi juridiko, historiko, administratibo eta soziolinguistikotik. Batzorde akademikoa sortu dute horretarako eta Roldan Jimeno historialaria, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia eta Iñigo Urrutian zuzenbidean doktorea. Topaketa irailaren 29an izango da Iruñean.
bideoa prestatzen
Euskaraldiari begirada bat, 11 egun euskaraz: Aukerak eta erronkak

2018-09-24
Euskaraldia-ri buruzko monografikoa Hiriburuan saioan: Bilbo, Deustua eta Laudioko esperientziak gertutik, Bagera elkarteko Idoia Trenor-i egindako elkarrizketaren aurrerapena eta Etxebarria, Galdakao edo Portugaleteko aurkezpenen irudiak: 11 egun euskaraz
bideoa prestatzen
Euskararen zonifikazioa, garai jakineko erabaki politikoak eragindako bazterkeria

2018-09-24

Larunbatean, ‘Hizkuntza eskubideak bermatzeko legearen bidean’ jardunaldia egingo dute, UEUk antolatuta, Iruñean. Euskararen zonifikazioak Nafarroan eragindako ondorioak aztertuko dituzte bertan, hainbat ikuspegitatik.

Horretarako batzorde akademikoa sortu dute eta bertako partaide den Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko Paul Bilbaok salatu du, zonifikazioaren ondorioz, hizkuntza eskubide ezberdinak dituztela nafarrek.

Roldan Jimeno historialaria ere badago batzorde akademikoan, eta haren ustez, Nafarroako egungo hizkuntza egoera garai jakinean hartutako erabaki politikoak eragindako bazterkeria da.

bideoa prestatzen
Euskarari legez bide eman eta egoera aldatzeko eskaera, Nafarroako Parlamentuan

2018-09-19

Sortzen eta Ikastolen elkarteko ordezkariek parte hartu dute Nafarroako Parlamentuan Euskararen Lege berria egiteko sortutako batzorde berezian. Hezkuntza sisteman euskararen egoera zein den azaldu dute.

Zehazki, Sortzen elkarteko koordinatzaile Sergio Iribarrenek esan du euskara baztertuta dagoela, politikoki hori eragin delako. Hargatik, legeak euskarari bide eman behar diola eta egoera hori irauli behar duela aldarrikatu du.

Alderdi politikoetako ordezkariei dagokienez, Podemos-Orain Bai taldeko kide Laura Perezek adierazi du egungo errealitate linguistikoa aldatu beharra dagoela eta horretarako alderdi politikoen ausardia behar dela.

Geroa Baiko Virginia Aleman, bere aldetik, euskararen ofizialtasunaren alde agertu da eta ausardia baino gehiago beharko dela baieztatu du.