Skip to main content
bannerra

Azken bideoak: Sindikatuak

bideoa prestatzen
Kontserbetako langileek hitzarmen berria eta baldintza duinak aldarrikatu dituzte Bizkaiko patronalaren aurrean

2018-11-13
Bizkaiko kontserberetan hitzarmen berria aldarrikatzeko protesta egin dute LAB, CCOO eta UGT-k CEBEK patronalaren egoitzaren aurrean. Sektore feminizatua da “soldata duinak” zein bestelako lan eskubideak eskatu dituzte. Negoziaketek aurrera jarraitzen dute baina patronala zein sindikatuen posizioak oraindik ere akordiotik urrutik daude.
bideoa prestatzen
EAEko aurrekontuak ez dira sozialak ezta burujabeak LAB sindikatuaren en ustez

2018-11-12
LAB Sindikatuak ez nahikotzat jo ditu Eusko Jaurlaritzak proposatutako aurrekontuak. Behar sozialei ez erantzutea eta zorraren ordainketa lehenestea egotzi dio sindikatuak Jaurlaritzari, proposamenak ez baitu BPGaren igoerarekin batera areagotzen gastu soziala. Kritikatzeaz gain, zuzenketak proposatu dituzte herritarren eros ahalmena berreskuratzeko eta industrian inbertsio handiagoa eskatu dute, La Navalen ematen ari den egoera ekiditeko.
bideoa prestatzen
Azken lan heriotza salatu dute sindikatuek Nafarroan

2018-11-09
Nafarroan izandako azken lan istripu bidezko heriotza salatzeko elkarretaratzea egin dute sindikatuek Iruñeko lan ikuskaritzaren aurrealdean. Azpikontratazioek eta jardunaldi eta lan erritmo jasanezinek langileen bizitzak arriskuan jartzen dituztela salatu dute eta ezbeharraren ikerketa ahalik eta azkarren egitea eskatu dute gertaera eta ardura argitze aldera. Dagoeneko 21 dira lan istripuetan hildakoak Nafarroan aurten.
bideoa prestatzen
ELAk eredu energetikoa errotik aldatzea eskatu du

2018-11-05
ELA Sindikatuak energia ereduaren goitik beherako aldaketa beharrezkoa dela aldarrikatu du. Argindarraren fakturaren etengabeko igoeraren oinarrian merkatuaren liberalizazioa dagoela salatu du sindikatua. Gainera, enpresariek aitzaki erabiltzen duten zerga altuen diskurtsoa gezurtatu dute, izan ere, Espainiako faktura garestienetakoa da Europan, zergen ehunekoa Europako bataz bestekoaren oso azpitik dagoen bitartean.
bideoa prestatzen
Behin-behineko irakasleen prekarietatea salatu dute sindikatuek

2018-09-18

Joan den astean N-121A errepidean istripuz hildako irakaslearen heriotza salatu dute sindikatuek, Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren egoitzaren aurrean. Ostegunean gertatu zen ezbeharra, Ataungo 26 urteko emakume bat hil zen auto istripuz, Beran, lanera zihoala.

Itxuraz, zeraman autoaren kontrola galdu zuen eta kontrako norabidean zihoan furgoneta bat jo zuen. Gaztea aldi baterako irakasle ari zen Donezteben, eta haren heriotzaren harira, behin-behinekotasuna prekaritatea dela eta prekarietateak hil egiten duela salatu dute sindikatuetako ordezkariek Iruñeko elkarretaratzean.

Edonola ere, irakaskuntzako sektoretik harago, azken asteetan izandako lan heriotzak ere salatu dituzte. Egoera aldatzeko prebentzio neurriak hartzea ezinbestekoa dela nabarmendu dute. Baita lan istripuen atzean dagoena prekarietatea dela salatu ere. Hargatik, erakunde publikoek ezin dutela beste alde batera begiratu iruditzen zaie.

Urtea hasi zenetik, 40 langile baino gehiago hil dira, sindikatuen datuen arabera, horietako hamabost, abuztuan eta irailean.

bideoa prestatzen
Iruzur bat da Volkswagenen aldi baterako lan erregulazio espedientea CGT-LKN sindikatuaren arabera

2018-09-10
Nafarroako Volkswagenen zuzendaritzak abian jarritako aldi baterako lan erregulazioaren espedientea iruzur bat dela deritzo CGT Lanaren Federakunde Nagusia sindikatuak. Salatu dutenez, enpresak ez ditu baliabide tekniko eta ekonomikoak jarri erregulazio espedientea ekiditeko. Hortaz, Volkswagenen fabrikak bizi duen egoeraren erantzukizun osoa zuzendaritzak daukala salatu du sindikatuak eta gaineratu du horri aurre egiteko baliabideak badituela.