Bizkaiko metalgintzako grebaren jarraipena "handia" izan da, sindikatuen arabera
Gurean Gaur
2019, Maiatza 23 - 17:05
Sektoreko lan hitzarmen berri baten alde ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek beste lau greba egun deitu dituzte ekainerako: 6an, 7an, 20an eta 21ean. Guztira, 50.000 langile daude greba egitera deituta. Mikel Etxeberria gehiengoa duen ELA sindikatuko bozeramaileak adierazi duenez, langileen erantzuna handia izan da, Bizkaian tamaina eta ezaugarri askotariko enpresak daudela kontuan izanda. CNT sindikatuak ere bat egin du borrokarekin nahiz eta deitzaileen artean ez izan. Hitzarmen berriaren negoziazioa ez aurrera ez atzera dagoela salatu dute sindikatuek. 2011koa da Bizkaiko metalgintza sektoreko azken ituna. Aldarrikapenen artean, 2018tik falta zaizkien atzerapenak jasotzea eta soldata igotzea daude. Patronalak, bere aldetik, gezurtatu egin du sindikatuek esandakoa. Manifestazioa Euskadi plazan amaitu dute, Bizkaiko metaleko patronalaren egoitzan. Gaurko greba egunaren ostean, ekainaren 3an egingo dute lan hitzarmena berritzeko hurrengo bilera.