“Hezurren erretura” liburua aurkeztu du Miren Agur Meabek
Gurean Gaur
2019, Maiatza 14 - 16:05
Duela sei urte kaleratu zuen bere aurreko obra Lekeitiarrak. Oraingoa 21 narraziorekin osatua dago, eta pertsonaia bera dute denek protagonista. Etengabe iraganetik orainerako jauziak eginez, bizitzako pasarteen gainean hausnarketa egingo du pertsonaiak. Bizitako horien guztien sinbolo izango dira hezurrak. Kontakizunen erdietan haurtzarotik unibertsitatera bitartean egongo da protagonista, eta 55 urte inguruko emakumea delarik azalduko zaigu gainerakoetan. Gainera, idazkuntzari buruzko gogoetak ere badakartza liburuak. Miren Agur Meaberen esanetan, idazkuntzaren bidez, bizitzan zehar pilatzen joandako bizipenak erre nahi ditu protagonistak. Idazleak aipatu du bere obretan beti dagoela presente pertsonaia eta bera den idazle horren arteko tentsioa. Horri jarraiki, bada, aurreko liburuen jarraipena da gaur aurkeztutako lanaren izenburua bera ere. Idazleak nabarmendu du beretzat berdina dela izatea eta idaztea eta hala, beti daudela presente bere nortasuna berresteko balio duten baieztapenak, inportanteenetakoa idaztea bera izanik.