Oneka plataforma, emakume pentsiodunak erdigunera
Gurean Gaur
2018, aza. 27 - 15:11
Euskal emakume pentsiodunak elkartu, eta pentsio duina lortzeko plataforma bat sortu dute, Oneka izenekoa. Guztira 300 emakume inguru daude plataforman. Haien pentsioa gizonezkoena baino askoz ere txikiagoa izateak emakume asko bultzatu ditu «pobrezian» bizitzera. «Bizitza osoan egindako lana, askotan ordaindutako lana izanda ere, kotizaziorik gabekoa da, eta, ondorioz, eskubiderik gabekoa». Beste kasu batzuetan, ez dute soldatarik jaso egindako lanarengatik: «Etxeko lanaz eta bertan bizi ginenen arduraren erantzule izan gara beti, eta hori guztia, dohainik». Onekaren lan esparrua Hego Euskal Herria izango da, eta, plataformako kideen ustez, instituzioek eta erakundeek daukaten eginkizuna bete behar dute. «Eskuzabaltasuna aurkituko dugulakoan gaude. Elkarlanerako aukera izateko esperantza daukagu, bereziki emakumeen gaiaz arduratzen direnekin». Pentsiodunen plataformekin eta feministen mugimenduarekin elkarlanean arituko direla gaineratu dute. .