Skip to main content

Josu Etxaburu, Gure Esku: "Etorkizunari begira gure herria eraikitzeko jauzi kualitatibo bat egin behar dugu"

Elkarrizketa

2026-10-19 13:51

Datorren igandean, urriaren 25ean, Euskal Herriko zazpi hiriburuak dantzan jarriko ditu Gure Eskuk, «Zazpi jauziz, herri bat» ekimenaren bidez. Eguerdiko 12:00etan, ehunka lagun elkartzea espero da Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean, Baionan, Donibane Garazin eta Maulen, Zazpi Jauzi dantza aldi berean egiteko. Zazpi lurraldeak une berean elkartzea eta Euskal Herriaren etorkizunari buruzko hausnarketa sustatzea da ekimenaren helburua.

Dantza izango da oraingoan aldarrikapenerako tresna. Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileak Hamaikan azaldu duenez, dantza kultur adierazpen bat baino gehiago da, herritarren arteko loturak sendotzeko eta herri kohesioa sustatzeko tresna ere badelako. Haren esanetan, dantzak badu berezitasun bat: elkarrekin egiten da, plazan, askotariko pertsonak eta gorputzak elkartuz. Horrela, aniztasunetik eta parte-hartzetik ere herria eraikitzen dela nabarmendu du.

Ekimenaren izenak berak ere badu esanahi berezia. Etxaburuk azaldu duenez, Gure Eskuk zazpi lurraldez osatutako herri baten alde lanean jarraitzen du, eta jauzi egiteak mugimendua eta aurrera egiteko borondatea irudikatzen ditu. Ildo horretan, Euskal Herriak etorkizunari begira jauzi kualitatibo bat egiteko beharra azpimarratu du, herri gisa aurrera egiten jarraitzeko.

Izan ere, Gure Eskuk uste du Euskal Herriak herri gisa jauzi bat egiteko garaia duela, mundu mailan gertatzen ari diren aldaketei eta erronkei erantzun ahal izateko. Klima-aldaketa, migrazioak, adimen artifizialaren garapena, nazioarteko egoera geopolitikoa eta diskurtso erreakzionarioen gorakada aipatu ditu mugimenduak, besteak beste, burujabetzan eta erabakitzeko gaitasunean aurrera egiteko arrazoi gisa. Ekimenaren nondik norakoak ezagutzeaz gain, mugimenduak azken 13 urteotan egindako ibilbideaz, gaur egungo erronkez eta etorkizunerako dituzten asmoez hitz egin dugu.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista