Skip to main content

Gasteizko Udaleko lorezainak bi aste daramatzate greban hitzarmen propioa lortzeko

Ekonomia

2025, api. 07 - 12:04

Gasteizko Udalarentzat lan egiten duten lorezainak greba mugagabea hasi zuten martxoaren 26an, zehazki Enviser enpresako 85 langile zeuden grebara deituta.

Enviser enpresa Gasteizko Udalaren kontrata da eta sindikatuek azaldutakoaren arabera lan baldintza erabat prekarioak, lanaldi amaigabeak eta gutxieneko soldata kobratzea izan dira grebara jotzeko arrazoi nagusiak. Izan ere, salatu dute, udal-langileek urtean 10.000 euro kobratzen dituztela 100 ordu baino gehiago lan eginda. Enpresa batzordea, ELA, ESK eta LABek osatuta, izan da greba deialdia egin duena, lan baldintzak hobetuko dituen lan hitzarmen bat lortzeko. Borroka hori azken hilabetean hasi zuen langileen batzarraren babesarekin. Hala ere, ELAk adierazi duenez, duela astebete zuzendaritzarekin ordubete eskaseko bilera izan zuten, bertan greba erretiratzeko eskaera jaso zuten, bilera egutegi bat adostearen truke, baina mahai gainean lan baldintzak hobetuko zituen edukirik ez zuten jarri.

Gauzak horrela langileek greba mugagabeari ekin zioten eta honen jarraipen %90koa izaten ari dela ohartarazi dute sindikatuek. Greba hasi zutenetik hona langileek elkarretaratzeak eta bestelako ekintzak egin dituzte haien borroka zein den ikusarazteko. Horietan, Gobernuaren eta Beatriz Artolazabalen gelditasuna salatu dute, izan ere, Artolazabalek konpromisoa hartu baitzuen Enviser kontrataren eta Espazio Publikoko Batzordeko plantilaren artean bitartekari lanak egiteko.

Era berean, greba hasi zenetik bi aste igaro eta gero, langileek protestak gogortzeko erabakia hartu dute, horrela, datozen asteetan ekintza berriak planteatuko dituztela iragarri dute. Lan baldintza duinak bermatuko dituen hitzarmen propioa lortu arte borrokan jarritako dutela argi utzi dute.

Hamaika Telebista