Joseba Díez Antxustegi, EAJ: "Etxebizitzaren eztabaida ezin da mugatu bakarrik alokairura"
Elkarrizketa
Etxebizitzaren arazoari erantzun integrala emateko beharra azpimarratu du Joseba Díez Antxustegi EAJ-PNVren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak Hamaika Telebistan egindako elkarrizketan. Haren esanetan, etxebizitzaren inguruko eztabaida ezin da alokairuaren auzira soilik mugatu, eta ikuspegi zabalago batetik heldu behar zaio.
Azaroaren 29ko hauteskunde orokorren atarian, Joseba Díez Antxustegi EAJ-PNVren Eusko Legebiltzarreko bozeramailea izan dugu Hamaika Telebistan. Kanpainaren azken txanpa eta egungo egoera politikoa aztertzeaz gain, herritarren kezka nagusietako bati ere erreparatu diogu: etxebizitzari.
Díez Antxustegik etxebizitzaren auziari ikuspegi integral batetik heltzeko beharra defendatu du. "Guk argi daukagu etxebizitzari eman behar zaion erantzunak integrala izan behar duela", adierazi du. Ildo horretan, alokairuaren inguruko neurrietatik harago joateko beharra nabarmendu du, etxebizitzaren problematikak hainbat dimentsio dituela iritzita.
Elkarrizketan, halaber, hauteskunde orokorren testuingurua, PPren eta Voxen arteko balizko gobernua, autogobernuaren etorkizuna eta Euskadik datozen hilabeteetan izango dituen erronkak izan ditugu hizpide.

















