Iruzurrezko 3.695 kontratu antzeman ditu Eusko Jaurlaritzako Lan Ikuskaritzak
Ekonomia
Mikel Lopez de Ciordia
Eusko Jaurlaritzako Lan Ikuskaritzak aldi baterako langileen eta aldizkako langile finkoen iruzurrezko 3.695 kontratu antzeman ditu Euskal Autonomia Erkidegoan. Honela, Jaurlaritzak 1.657 jakinarazpen bidali ditu inplikatuta dauden enpresei beren jardueretan iruzur zantzuak daudela jakinarazteko.
Kontratu hauek erregularizatzeko hilabeteko epea eman du Jaurlaritzak, epe hau igaro ondoren enpresek ez baldin badituzte egoera irregularrak konpondu, ikuskatze-lanak hasiko ditu Lakuako Gobernuak. Jakinarazpenak 267 enpresek jaso dituzte, 345 langilerekin, Jaurlaritzak antzeman ondoren azken hiru urteko egunen %87an langile kopurua ez zela maila jakin batetik jaitsi, langile finkoen beharra frogatuz eta ez aldi baterako edo aldizkako langile finkoen beharra.
Lurraldeka, hauetako 37 enpresa arabarrak dira, 162 bizkaitarrak eta 68 gipuzkoarrak. Gainera, 1.390 enpresei jakinarazpenak bidali zaizkie, ustez 3.350 kontratutan irregulartasunak izan zituztelako; izan ere, azken hamabi hilabeteetan gutxienez hamar hilabete eta erdi altan zeramatzaten pertsonak altan jarraitzen zuten aldizkako kontratu finko batekin, bai zuzenean kontratatuta, zein aldi baterako laneko enpresen bidez. Lurraldeka, enpresa horietatik 211 arabarrak dira, 762 bizkaitarrak eta 417 gipuzkoarrak.

