Jaurlaritzak ontzat eman du Lanbideren izaera juridikoa aldatzea, 12 urteren ondoren
Ekonomia
2023, aza. 20 - 12:11
EAEko enplegu zerbitzu publikoaren izaera aldatzea proposatu du Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak, eta Eusko Legebiltzarrean onartzekotan diren Enplegu Legea baliatu nahi du horretarako. Erakunde autonomo izateari utzi, eta zuzenbide pribatuko erakunde bihurtuko da, enplegu erakundea eraberritzeko estrategiari lotuta. Oposizioak uste du horrek Eusko Legebiltzarraren kontrolari ihes egitea erraztuko duela.
Hastapenetara itzuliko litzateke erakundea hala. Izan ere, zuzenbide pribatuko erakunde publiko gisa jarri zen martxan zerbitzua 2010ean, Confebasken eta UGT eta CCOO sindikatuen oniritziarekin. Erabaki hark hasieratik sortu zuen desadostasuna, ordea, eta handik urtebetera Lanbideren izaera aldatzea onartu zuen Eusko Legebiltzarraren gehiengoak, PPren ekimenez.
Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburua bere garaian Gemma Zabaleta Lan eta Gizarte Politikako sailburuak erabilitako argudio berberekin aritu baita Lanbideren eraldaketa justifikatzen. Mendiaren hitzetan, figura berriari esker, "arinagoa eta malguagoa" izango da Lanbide enplegu zerbitzuak ematen, eta dinamismo eta espezializazio profesional handiagoa izango du.