Eraldatzeko martxan dagoela aldarrikatu du Emakumeen Mundu Martxak Bilbon
Gurean Gaur
Bostehun emakumetik gora bildu dira, larunbatez, Bilboko Areatzan egindako Feministon Herrian. Hain justu, Emakumeen Mundu Martxaren XI. nazioarteko topaketaren barnean, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak hausnarketarako, mobilizaziorako eta ospakizunetarako egitarau propioa atera du aurrera. Hala, agurtu dute gurean egokitu den bi urtean behingo nazioarteko zita ibiltaria, eta erronka ere ezarri dute: ‘bakea' eta 'justizia' kontzeptuak ikuspegi feministatik berraztertu beharra.
Goizeko saioetako ondorio gisa, Emakumeen Mundu Martxa bere borrokaren oinarrietara itzuli beharrean dagoela azaldu dute: egunerokoan, behetik gora doan mugimendua eraiki behar duela eta agenda ere oinarritik diseinatu. Beste gakoetako bat diskurtso feminista eta anti-kapitalista bateratzea da Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren ustez. Egungo testuinguruan, feminismo liberalaren olatuarekin, feminismoa eslogan huts bat bilakatzeko arriskua ikusten baitute. Era berean, zailtasun horien guztien aurrean, aliantzen garrantzia nabarmendu dute: mugimendu feministaren barneko aniztasunaz jakitun, barnean dauden pribilejioak mahai gaineratu nahi dituzte.
Bakegintzari buruzko solasaldian, berriz, Euskal Herriko gatazka politikoak ezkutatutako gatazkak ikusaraztea, eta bake eta justizia kontzeptuen esanahi berriak sortzea ezarri zituzten erronka gisa: bakegintza burujabetza prozesuarekin lotzen dute, ETA erakundea armagabetu izanagatik, ez gaudela bake egoeran iruditzen zaie. Eta horren adibide gisa planteatu zituzten egunerokoan gehitzen doazen indarkeria matxistaren biktimak.
Euskal Herriko armagintza industria izan dute hizpide Areatzako hausnarketetan. Militarizazioa bestelako dominazio sistemekin lotuta dagoelakoan, Emakumeen Mundu Martxaren izenean jardun zen Angela Scott estatubatuarrak elkartzeko deialdia egin zuen, zapaltzaile berberek eragindako istorioak partekatzeko.
2019ko martxoaren 8an Emakumeen Mundu Martxak egin asmo duen 24 orduko greba feminista mugarri hartuta, elkarlanean jarduteko deia egin zuen mugimendu feministak arratsaldean, Batu indarrak, urrutira goaz! goiburupean egindako manifestazioan.