Metrorik ez egiteko eta herritarren kexak entzuteko eskatu dio Satorralaiak Donostiako Udalari
Gurean Gaur
Donostiako Topoaren igarobidearen aurka, protesta zaratatsua egin dute, ostegun arratsean, hamarnaka lagunek. Satorralaia bizilagunen mugimenduak deituta, hiriaren erdialdeko kaleetan barrena ibili dira, ‘Herritarrei entzun: metroari ez!” lelodun pankartarekin, eta Eneko Goia Donostiako alkatearen, Ernesto Gasco zinegotziaren, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonmia Garapenerako sailburuaren karetak jantzita.
Hain justu, Donostiako Udaleko udalbatzarekin bat egin du protesta zaratatsuak, eta alkateari herritarrei ez entzutea leporatu diote. Hori salatzeko, Goia belarrietan tapoi handiak jarrita irudikatzen duen karikatura handi bat baliatu dute. Donostiako Udalak metroaren obrak eragindako arazoen eta kalteen inguruan hainbat bizilagunen salaketei kasurik egin ez dielako.
Herritarren salaketen ondorioz, Eusko Jaurlaritzak agindu du Zarautz etorbideko eraikuntza lanak gauetan eteteko. Lan horiek eragiten zuten zaratagatik, hilabete bat baino gehigoz salaketak jarri dituzte Antiguako hainbat bizilagunek eta joan den asteartean etorri zen Jaurlaritzaren erabakia.
Easo kalean dago Topogunea, herritarrentzako arreta eta informazio bulegoa. Bizilagunek kexa ugari aurkeztu dituzte han, baina Satorralaiak bulegoaren «axolagabekeria» salatu du, herritarren kexei erantzunik ez dielako eman.
Bizilagunen mugimenduaren iritziz, metroaren obra erraldoia ez da beharrezkoa, eta, gainera, Dbus eta Lurraldebus kaltetuko ditu autoen trafikoa gutxitu gabe. Horrez gain, salatu dute herritarren parte hartzerik gabe inposatu eta baliabide publikoak xahutzen dituen proiektua dela, Donostian mugikortasuna hobetzeko aukera egokiagoak eta merkeagoak egonda.