Iruñeko Sanduzelai auzoan usteko erailketa matxista egon da
Euskal Herria
Leire Llano eta Gaizka Leitza
Pasa den igande goizaldean 37 urteko emakume baten heriotza gertatu zen Iruñeko Sanduzelai auzoan. Leihotik behera erori delako jazo da, ustez, bikotekide ohiaz ihesi. Gizonezkoak emakumearekiko urruntze agindua zuen, tratu txarrak egin izanagatik. Gizona atxilotu egin dute dute eta heriotza ikertzen ari dira, erailketa matxista delakoan. Izan ere, emakumea bikotekide ohiak urruntze agindua apurtzeagatik erori izana planteatu dute.
Iruñerriko Mugimendu Feministarentzat eta Itaiarentzat hau ez da heriotza, hau erailketa matxista izan da. Itaiako kideek diote “urruntze agindua urratuz, emakumezkoari labanaz eraso egin dio, eta emakumea ihes egin nahian hil egin da.” Gainera, antolakundeak “emakumeen aurkako indarkeria larriagotu dela” salatu du; izan ere, azken hamar egunetan bi emakume izan dira erailak eta saiakera bat izan da Euskal Herrian.
Hori dela eta, astelehen honetan elkarretaratzea deitu du Itaiak, 19:30ean Iruñeko Udaletxe Plazan. Horrez gain, Euskal Herriko gainontzeko hiriburuetan eta beste hamar herrietan ere antolatu dituzte mobilizazioak. Bestalde, Iruñerriko Mugimendu Feministak elkarretaratzerako deia egin du astearte honetan Sanduzelai plazan, arratsaldeko zortziretan.


















