Skip to main content

50.000 plakako zentral fotoboltaiko bat jartzeko proiektua aurkeztu dute Agurainen

Gizartea

2025, api. 11 - 14:04
50.000 plakako zentral fotoboltaiko bat jartzeko proiektua aurkeztu dute Agurainen. Euskal herriko Agintaritzaren Aldizkariak jakinarazi duenez Cañaveras Solar enpresak bultzatutako egitasmoa da.

Agurainen martxan jarri nahi den azpiegiturak 30,9 megawatteko potentzia izatea aurreikusten da. Elektrizitatea ekoizteko gaitasun hori 48.960 eguzki-panelen bidez lortuko da eta energia 4 kilometroko tentsio ertaineko linea baten bitartez Donemiliagako azpiestaziora bideratuko da. Proiektuaren aurrekontua 15 milioi eurokoa izango da.
Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak iragarritakoaren arabera, enpresak dagoeneko aurkeztuak ditu proiektuaren aurretiazko administrazio baimena, eraikuntza baimena eta ingurumen eraginaren adierazpena eskuratzeko baimena.

Gauzak horrela, 30 eguneko epea ireki da Agurainen eraikin nahi den proiektuari alegazioak aurkezteko. Proiektua Espainiako patronal fotoboltaikoaren buru den Benbros Energyk Cañaveras Solar filialaren bitartez egingo du. Euskal Autonomia Erkidegoan energia berriztagarrien 111 proiektu izapidetzen ari dira 74 planta fotoboltaiko eta 37 planta eoliko martxan jartzeko, horietako gehienak, 83 zehazki, Araban kokatuko direla aurreikusten da.

Hala ere, gogoratu beharra dago, jada, Arabako Foru Aldundiak Solaria enpresak bultzatutako hiru eguzki makroparke eta goi tentsioko linea baztertu dituela. Proiektu hauek Arabako paisaia eta biodibertsitatea mehatxatzeaz gain herrietako bizimoduak
kaltetzen dituztela salatu dute, behin baino gehiagotan, Gorbeialdea Defendatu eta Horrela Ez plataformek. Astelehenean Arabatik pasa zen Euskal Herriko Itzulia aprobetxatu zuten euren borroka ikusarazteko. Izan ere, lasterketak zeharkatzen zituen herrialdeetan gurutzeak jarri zituzten, Arabako lurraldearen heriotza irudikatzeko asmoz. Jakinarazi dutenez, ekitaldi sinboliko hori euren lurraldeetan ezarri nahi duten epaiaren aurkako salaketa-oihu bat da.
Hamaika Telebista