Abuztuaren 1ean ekingo dio Aritz Ganboak abentura berriari
Gizartea
Leire Llano
Abentura berri bati ekingo dio Aritz Ganboak datorren larunbatean. Arruazutik Izabara, 11 egunetan 11 etapa egingo ditu Ganboak, herri lurrek eskaintzen dituzten ondare naturalak, eta herri jakintza eta gaitasuna ardatz hartuta. Bere oinez gain, Aralarko pagoz egindako bizikleta eta arraunak izango ditu baliabide nagusi.
Bidean, hamaika istorio eta hamaika gogoeta bilduko ditu, eta hainbat bizipen eta testigantza eskainiko dituzten protagonisten bila arituko da, lurraldetasuna, kontrabandoa, ondare kulturala, hizkuntza, gobernantza, edota hezkuntza hizpide hartuta.
Aritzen erronkaren berri emango dugu Hamaikaren sare sozialetan abuztuko lehen hamabostaldian, eta bertan jaso eta bildutako guztia Mugari Begira saioan ikusgai izango da. 16 atal izango ditu saioak eta irailaren 8tik aurrera ikusgai izango da Hamaikan, hamaika.eus webgunean eta sare sozialetan.

















