Skip to main content

Ikuskizunetako teknikariek bertan behera utzi dute greba

Gizartea

Maite de Felipe Suso

2026-11-19 14:04

Ikuskizunetako teknikariek bertan behera utzi dute azaroaren 26an eta 27an egin behar zuten greba. Hala jakinarazi du LAB sindikatuak agiri batean, “patronalak negoziazioari berriro heltzeko konpromisoa eta hitzarmena sinatzeko prestutasuna” agertu duela aitortuz. Izan ere, lan-baldintzak hobetzea eta horiek arautuko dituen hitzarmen berria sinatzea zen egin behar zuten grebaren helburua.
LABek azaldu duenez, patronalak hainbat konpromiso hartuko dituela ziurtatu du. Besteak beste, sindikatuek aurkeztutako azken proposamena aztertu eta horri erantzuteko konpromisoa hartu du, baita konponbide bat bilatzeko ahalegina egiteko ere. Dena dela, teknikariek argi utzi dute, aurreikusitako greba bertan behera utzi duten arren, borrokan jarraituko dutela. Halaber, azpimarratu dute “borrokaren amaiera hitzarmena sinatutakoan etorriko dela”.
Bestalde, LABek greba babestu duten eragileei adierazi die “argi geratu dela sektorean batera aritzen direnean eta eskakizunak kalera ateratzen dituztenean aurrerabidea lortzen dela”.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista