Adurtzakoak auzo elkarteak Olarizuko landare-labirintoa bertan behera uztea eskatu du
Gizartea
2023, aza. 17 - 11:11
Adurtzakoak auzo elkartearen kideak Gasteizko udalbatzan hartu dute hitza Olarizuko zelaietan instalatu nahi den landare labirintoa bertan behera uztea aldarrikatzeko. Elkarteak SOS Olarizu plataforma ordezkari bezala agertu da, proiektuaren kontrako mozioa defendatzeko. Udal Gobernuak landare labirinto bat sortu nahi du Olarizun, bertako lorategi botanikoa ezagutzera emateko asmoarekin. Proiektuak, 2018an iragarri zena, auzokideen aurkakotasuna izan du eta zelaia babestearen aldeko 6 mila sinadura bildu dituzte. Salatzen dutenez, biztanleriaren parte hartzerik gabe egindako proiektua da, eremu naturalizatu bat suntsituko duena. PSE eta EAJren Udal gobernuak, bere aldetik, labirintoaren eragina minimoa izango dela baieztatu du eta auzokideen eskakizunari jarraituz hasierako kokapena aldatu dela gogorarazi du.