Aita Mari ontziak 125 pertsona erreskatatu ditu Mediterraneoan
Gizartea
Aita Mari ontziak 125 pertsona erreskatatu ditu Mediterraneoan, zazpi egunetan egindako bigarren erreskatea izan da. Astelehen honetako arratsaldean aurreikusten dute Cataniako portura iristea, Italiak
jada bertan lehorreratzeko baimena eman die. Aurreko asteko astelehenean, ontziak beste 108 pertsona lehorreratu zituen Salernoko portuan.
Mediterraneo itsasoan iheslariak erreskatatzeko lanak egiten dituen itsasontzia da Aita Mari eta 2018 urtean Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzei esker jarri zen martxan, ordutik hainbat eta hainbat erreskate burutu ditu. Hain zuzen, martxoan euren hamabosgarren misioari ekin zioten. Azkenaldian Salbamendu Humanitarioa erakundeak adierazi du Europako Batasunak migrazio politiketarako araudia aldatuko duela eta hortaz, erreskate lanetan diharduten taldeak zigortu eta kriminalizatuko dituela. Gauzak horrela, jakinarazi dute burutzen ari diren hamabosgarren misio hau migrazioari nahiz asiloari buruzko Europako itun berria indarren sartu aurreko azken misioa izan daitekeela.
Izan ere, erakundeak berak asteburuan salatu du erreskatatzeko ontzi bat bilatzen zeudenean, Libiako itsas guardiako patruilari bat abiadura handiz hurbildu zitzaiela. Adierazi dutenaren arabera, suzko arma bat atera eta “Go home” bezalako oihuak bota zizkieten. Gaineratu dute, Libiako itsas guardiak ontziak gelditzen dituenean, bertan daudenak Libiako atxiloketa-zentroetan sartzen dituela, eta horietan, azaldu dutenez, ez dute euren eskubideak eta osotasun fisikoa babesteko bermerik.