Skip to main content

Auzolanean ospatu da Euskal Herria Zuzenean Festibala

Gizartea

Leire Llano eta Gaizka Leitza

2026, eka. 29 - 16:06

Pasa den asteburuan EHZ ,Euskal Herria Zuzenean Festibala, ospatu da Nafarroa Beherean, Arberatze-Zilhekoan. 30 urteko ibilbidea bete du aurten jaialdiak eta hiru eguneko jaialdiarekin ospatu berri dute.

Ohiko formatuarekin jarraitu dute aurten ere autogestioan eta auzolanean jorratzen den jaialdia. Euskal Herriko eta kanpoko musika taldeak izan dira eta egitaraua tailer, ikuskizun eta hitzaldiekin elikatu dute antolatzaileek.

Ostirala Xistor of Down taldeak eta Siwanaba djak ireki zuten eta Xak, Niko Etxart eta Hapa Hapa eta Ketekalles taldeek jo zuten, besteak beste. Erasoen kontrako protokoloa aurkeztu zuten ere jaialdiko antolatzaileek.

Larunbatean Bele, Jonkass eta Merina Gris bezalako taldeez gozatu zuten bertaratutakoek. Hitzaldien aldetik ‘haur eta gazteen transexualitatea’, ‘loditasun politikoa eta kontrol mekanismoak’ eta ‘Palestina, rapa eta askatasuna’ren inguruan aritu ziren, besteak beste. Bilakaren ikuskizuna egon zen ere, beste batzuen artean.

Igandean Marabiyak eta Olaya Sound Sistemen kontzertuak egon ziren eta Martzelinaren ikuskizuna ere. Bat-bateko ekaitzarengatik igande arratsalde eta gaueko egitaraua bertan-behera geratu zen. Antolatzaileek eskerrak eman dituzte artista, anolatzaile eta bertaratutakoek izandako joera arduratsuagatik eta egoera ulertzeagatik.

Maryse Urruti aktoreak Marilyn Monroe imitatuz Zorionak Zuri kanta abesten hasi zen ingelesez, baina euskarara pasa zen azkar EHZn “euskaraz egiten dela” aldarrikatuz. Ana Jaunarena eta Xalbat Altzugarai antolakuntzako kideen hitzartzearekin jarraitu zuen ekitaldiak eta belaunaldien arteko lanaren inguruan aritu ziren. Ondoren Porrotx eta Xabi Solano igo ziren oholtzara eta Ikusi Mendizaleak abestia jo ondoren Epo itai tai ye abestiarekin dantzan eta kantu8an jarri zuten plaza guztia. Irantzu Idoate eta Haira Aizpuruaren bertso sortarekin bukatu zen ekitaldia.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista