Skip to main content

Donostiako Jazzaldiaren 61. edizioa ospatuko da uztailean

Gizartea

Ainhoa Lainsa Merino

2026, eka. 23 - 15:06

Donostiako 61. Jazzaldiaren aurkezpena egin dute astearte honetan. Jaialdiak 77 kontzertu eskainiko ditu guztira, eta horietatik 47 doakoak izango dira.

Adierazi dutenez, Europako jazzaren presentzia izango da berriro ere programazioaren ardatz nagusietako bat, eta parte hartuko duten artisten artean 30 euskal talde izango dira. Kartelburu nagusien artean daude Pat Metheny, Diana Krall eta Samara Joy.

Uztailaren 22tik 26ra bitartean egingo da jaialdia, eta antolatzaileen hitzetan, nazioarteko figura handiak, ibilbide luzeko artistak, proposamen berriak, Europako jazzaren ordezkariak eta euskal musikarien presentzia zabala bilduko ditu, guztira 12 agertokitan.

Aurten, gainera, jazzaren historian ezinbestekoak izan ziren bi artistaren jaiotzaren mendeurrena betetzen da: Miles Davis eta John Coltrane. Hori dela eta, Jazzaldiak omenaldia egingo die Trinitate Plazan antolatutako lau kontzerturen bidez: bi Davisen omenez eta beste bi Coltraneren omenez.

Antolatzaileek azpimarratu dutenez, edizio honetan hiru Jazzaldia sari banatuko dituzte. Jaialdian parte hartzen duten artistei ematen dizkiete sari hauek, musikaren arloan egin duten ibilbidea aitortzeko ez ezik, musikarien hainbat belaunaldirentzat erreferente bihurtu direlako ere. Hortaz, David Murray musikaria, Joe Lovano jaxofoi-jolea eta Miguel Martín jaialdiko zuzendari oiha izango dira edizio honetako sarituak.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista