EAEn alerta gorria aktibatuko du Segurtasun Sailak muturreko tenperatura dela eta
Gizartea
Mikel Lopez de Ciordia
40° C-tik gorako tenperaturak iritsi dira aste honetan Euskal Herrira. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, astelehen eguerditik arratsaldeko 20:00etara alerta gorria aktibatuko du Segurtasun Sailak. Nafarroan abisu laranja aktibatuko dute astearte gauera arte eta Ipar Euskal Herria igandeaz geroztik alerta gorrian dago muturreko tenperatura dela eta.
Igandean 40° C-tik gorako tenperaturak neurtu dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zenbait lekutan. Honen aurrean, Lakuako gobernuak 3.000 enpresa baino gehiago ohartarazi ditu beroak eragin ditzakeen lan istripuez, eta “estres termikoa ekiditeko eta lan ingurune seguruak bermatzeko neurriak” hartzeko eskatu die.
AEMETek, Espainiako Estatuko Meteorologia Agentziak, muturreko sute arriskua iragarri du Nafarroan eta nekazaritza-ustiategietan makineria ez erabiltzeko aholkatu du.
Ipar Euskal Herrian neurri zorrotzak hartu dituzte beroaren arriskuak saihesteko helburuarekin. Baionan, adibidez, 22 eskoletatik 11 itxi dituzte astelehen eta asteartean. Gainera, zenbait igerilekutan sarrera doakoa izango da egun hauetan.

















