Ertzaintzan bi emakumeren aurkako “laneko jazarpen, eta jazarpen sexual eta sexista larriak” salatu ditu SIPE sindikatuak
Gizartea
Ertzaintzan bi emakumeren aurkako “laneko jazarpen, eta jazarpen sexual eta sexista larriak” salatu ditu Si.P.E sindikatuak. “Lekukotza, grabazio eta froga objektiboekin dokumentatutako” gertaerek, “polizia-hierarkiaren etengabeko jazarpenaren eta estalketa sistematikoaren egoera” islatzen dute sindikatuak adierazi duenez.
Emakumeetako bat praktiketan dagoela zehaztu du eta bestea jarduneko ertzaina dela. Segurtasun Sailean, Emakunden eta Polizia eta Emergentzien Euskal Akademian jarri ditu salaketak.
SIPEk adierazi duenez, praktiketako agentearen kasuan , “isolamendu eta presio psikologikoa egiteko estrategia bat” erabili dute bere aurka “ ez-gai deklaratzeko eta Ertzaintzatik kanporatzeko”.
Bestalde, Arabako Trafikoari atxikitako jarduneko agentearen kasuan, “iruzkin matxistak, presioak eta osasun mentalaren galera” salatu ditu eta hori izan da bere lan profesionalarekin jarraitzea eragotzi diona, sindikatuaren arabera.
SIPEk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio “azkar eta modu eredugarrian” ekiteko auzia argitzeari, baina hark “ezin” izan ditu jazarpen kasuak baieztatu.
Ondorioztatu duenez, bi agenteen salaketetan lankideen arteko «harreman arazoak» izan dira, eta, neurri gisa, Ertzaintzaren zuzendaritzari “antzemandako arazoen” berri ematea erabaki du, baita “hizkuntza inklusiboaren eta ez-sexistaren erabilerari buruzko jardunaldiak” proposatzea ere.