Etxepareko ikasleek mobilizatzen jarraitzen dute Baionan
Gizartea
Ane Garitaonandia Etxebarria
Lizeoen blokeatze testuinguruan, manifestazioa egin dute Bernat Etxepare lizeoko ikasleek Baionako suprefetura aurrean ikasteko baldintza duinak eta euskarazko eskolak eskatzeko.
Lizeo publiko gehienak itxita daude, zuzendariek hala erabakita eta ikasleak online ari dira klaseak jarraitzen. Blokeoa sareetara eramateko ekintzak ugaritzen ari dira eta ikasle sindikatuek ere online klaseak ematea errefusatzera deitu dute. Seaskako Bernat Etxepare lizeoan hiru egun daramatzate ikasleek ikastetxea blokeatzen.
Aurreko manifestazioetan izandako polizia indarkeria ere salatu dute, atzoko mobilizazioan hogei atxiloketa izan ziren. Ikasleek azaldu dute osteguneko protestan adibidez ikasle bat jo zutela euskaraz aritzeagatik. Euskaraz ikasteari jartzen zaizkion oztopoak handiak dira eta horrek milaka gazte urruntzen ditu beren hizkuntzatik, hizkuntza eskubide eta askatasunak urratuz. Ikasleek gogorarazi dute arazoa ez dutela ikasleek bakarrik pairatzen, hezkuntzak gizarte osoari eragiten diola.
Hurrengo egunetan ere protestek ez dute etenik izango.

















