Skip to main content

Euskal Herriarekiko atxikimendua Espainiarekikoa edo Frantziarekikoa baino handiagoa da

Gizartea

2024, ira. 17 - 17:09
Naziometroaren seigarren neurketa astearte honetan aurkeztu da Donostian. Bi taldek hartu dute parte Euskal Burujabetzari buruzko barometroan: Telesforo Monzon eLabek eta EHUko Parte Hartuz Ikerketa taldeak. Aurten “pertenentzia atxikimendua” ikertu dute. Euskal Herriarekiko atxikimendua Espainiarekikoa edo Frantziarekikoa baino handiagoa dela berrestu du. 0tik 10erako eskalan, batez beste 7,8koa da Euskal Herriarekiko atxikimendua eta 6,4koa Espainiarekikoa.

Euskal identitatea nagusi da Araban, Bizkaian Gipuzkoan eta Ipar Euskal Herrian. Nafarroan, berriz, “nafar sentimenduaren zentraltasuna ikusten da, euskal eta espainiar identitateen nahasketarekin”. Nafarroarekiko atxikimendua 8,5koa da lurralde horretan. Bestalde, Naziometroak euskal Estatu baten eraketak gizarte-babesa izango lukeela ondorioztatu du.

Euskal Herriko biztanleriaren %35,2 alde agertu da eta %26,8, berriz, kontra. Independentziari dagokionez, Espainiako edo Frantziako Estatutik independizatu nahi dutenen proportzioak gora egin du. Hala ere, desadostasuna nagusi da oraindik, %43ak ez du independentziarik nahi.