Euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldeko giza katea egingo dute
Gizartea
Ainhoa Lainsa Merino
Euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldeko giza katea egingo dute datorren asteartean, Irun eta Hendaia arteko zubian. Gure Esku, Gu ere Bai eta Zazpi Baietz ekimenek egin dute deialdia ostiral honetan.
‘Gure herria, gure selekzioa, gure koloreak’ lelopean, azken asteetan hainbat ekimen antolatu dituzte euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko. Oraingoan, gizonezkoen Munduko Futbol Txapelketaren testuingurua baliatuta, mezua zabaldu nahi dute: Euskal Herria nazioa dela, euskal selekzioa dela herriaren selekzioa, eta horiek direla haren koloreak.
Adierazi dutenez, katea osatzeko aukeratu duten zubia “leku sinbolikoa” da. Izan ere, nabarmendu nahi izan dute Euskal Herria mugak gainditzen dituen herri bat dela, zazpi lurraldez osatuta eta hizkuntza eta kultura propioak dituena. Horregatik, herritarrek euskal selekzioa nazioarteko txapelketetan modu ofizialean lehiatzen ikusi nahi dutela azpimarratu dute.
Hala, euskal selekzioa, emakumezkoena zein gizonezkoena, kirol guztietan modu ofizialean lehia dadin nahi dute, eta haien hitzetan, gizonezkoen Munduko Futbol Txapelketa aukera ezinhobea da aldarrikapen hori kalera ateratzeko. Hortaz, herritarrei dei egin diete uztailaren 14ko giza katean parte har dezaten, euskal selekzioaren koloreak kalera ateratzeko eta eragile sozial, politiko zein instituzionalei ofizialtasunaren bidean urrats ausartak egin ditzaten eskatzeko.

















