Skip to main content
1200x90 Zama Doinuz Arindu

Euskalgintzaren Kontseiluak 2025ean euskara “larrialditik indarraldira” pasatzea eskatu du

Gizartea

2024, abe. 02 - 12:12

Euskalgintzaren Kontseiluak, euskararen egunaren harira egindako adierazpenen bidez, euskara larrialditik indarraldira bidea egitea eskatu du. Helburu horrekin, euskararen normalizazioa agendaren "erdigunean" jartzeko eskatu die erakundeei eta eragile politiko zein sozialei, era berean, helburu hau gauzatzeko mobilizazioa iragarri du 2025eko abendurako. Azaroaren 9an, ELEN Europako Hizkuntzen Berdintasunerako Sarearen laguntzarekin, euskara eta euskaldunen larrialdi linguistiko a aitortu zen, eta norabide hori aldatzeko akordio soziopolitikoa eskatu du, 2025a euskararentzat eta euskaldunentzat urte garrantzitsua izango dela adieraziz.

Kontseiluak emandako datuen arabera, euskaldunen % 17,5ek bakarrik hitz egiten du euskaraz egunerokotasunean. Datuak euskararen osasunaren adierazgarri dira Euskalgintzaren Kontseiluaren arabera, honen “erabilera sozial ahula” islatzen dutenak. Hainbat lurraldeetako euskararen ofizialtasun ezak, gainera, euskararen aldeko politikak kaltetzen dituela gogorarazi du. Bestalde, azpimarratu dute euskara larrialdi linguistikoan aitortu izana, larrialditik indarraldira igarotzeko lehen urratsa dela. Honen egoeraren diagnostiko zuzena egiteko, eta euskararen normalizazioa eta biziberritzeko prozesua norabide onean jartzeko.

Gauzak horrela, euskararen normalizazioa eta biziberritzea agenda politiko eta sozialaren erdigunean jartzea beharrezkoa dela adierazi dute, eta horretarako akordio soziopolitikoaren garrantzia azpimarratuz. Era berean, herritarren parte-hartzeari egin diote deia, 2025eko abenduko mobilizazioarekin bat egin dezaten, ziklo berri baten abiapuntua bultzatzeko.

Hamaika Telebista