Teknikarien grebak baldintzatuta ari dira ospatzen Gasteizko jaietako egun handia
Gizartea
Xabi Ealo
Jaietan erabat murgilduta dago Gasteiz, eta asteazken honetan ospatuko dute Andre Maria Zuriaren jaietako egun handia, ikuskizunetako teknikarien grebak baldintzatuta. Izan ere, gaurko dago deituta grebaren lehenengo eguna, EUKI patronalari presioa egiteko sektoreko lehen euskal hitzarmenaren negoziazio-mahaira itzul dadin. Horiek horrela, greba batzordeak jakinarazi du ez dela gutxieneko zerbitzurik egongo, kultura ez delako funtsezko zerbitzutzat jotzen.
Grebaren deitzaileek salatu dutenez, sektorea ez dago erregularizatuta, ohikoak dira behin-behineko kontratuak, lanaldi oso luzeak, legez ezarritako atsedenaldiak ez errespetatzea edota bizitza pertsonala uztartzeko zailtasunak. Hori guztia kontuan hartuta, lan baldintza duinak bermatuko dituen gutxieneko akordioa lortu nahi dute. Halaber, sindikatuek arbuiatu dute milioi askoko aurrekontua duten jaiek lan prekarietatearekin lotura izatea, eta ildo beretik, sektoreko langileek "enpatia" eskatu diete abuztuan deitutako greba-egunetan emanaldiak dituzten artistei. Bestalde, grebaren jarraipena “gutxienekoa” izatea espero duela adierazi du Maider Etxebarria Gasteizko alkateak, eta programatutako ekintza guztiak "normaltasunez burutzea” eskatu du.
Asteazken honetarako, adibidez, Leire Martinezen, La Txamaren eta Mariachi Imperial de Gauanajuatoren kontzertuak daude iragarrita. Gasteizko Txosnek, bestalde, dagoeneko iragarri dute grebalariei elkartasuna adierazteko bertan behera utziko dituztela gaurko aurreikusita egon diren ikuskizunak. Donostiako eta Bilboko Aste Nagusietarako ere deitu dute greba deialdia.

















