Skip to main content

Iruñeko Alde Zaharreko auzokide bat mehatxatu du Fernando Vidaurre enpresariak

Gizartea

Gaizka Leitza Alduncin eta Leire Llano

2026, api. 30 - 13:04

Iruñeko Mercaderes kaleko 18 atalondoko auzokide batek salaketa aurkeztu du, Fernando Vidaurrek eraso egin izanagatik, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakinarazi duenez. Urte honetako apirilaren 23an auzokide batek enpresariaren kontrako salaketa aurkeztu zuen eraikinaren atariaren kanpoaldean Vidaurreren aldetik eraso fisikoa eta hitzezkoa pairatu baitzuen.

Etxebizitza Sindikatuak egoera deitoratu du eta salatu du “etxejabeak auzokideari mendekua hartu nahi izan diola sindikatuarekin antolatzeagatik.”

Pasa den asteartean urtebete egin zuen Vidaurre Group enpresak Iruñeko Alde Zaharreko Mercaderes 18ko maizterrei etxetik alde egin behar zutela jakinarazi zienetik. Auzokideek haien etxeetan jarraitu nahi zutenez, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin harremanetan jarri eta antolatzen hasi ziren.

2025eko azaroan kolektiboak eta bizilagunek salatu zuten enpresak presiorako neurriak aurrera eramaten ari zela. Besteak beste, igogailua geldiarazi zuen, arrazoirik gabeko obrak egin zituen edota komunikazio “bortitza” erabiltzen zuen. 2026ko otsailean Vidaurrek adierazi zuen “ez zuela inorekin arazorik nahi” eta horregatik etxebizitza horiek, pisu turistiko bilakatu beharrean, saldu egingo zituela. Hala ere, “presio neurriek aurrera jarraitu zuten hainbat astez”, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez.

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideek aldarrikatzen dute “antolakuntzari eta borrokari esker bakarrik lortuko dela jabeen inpunitateari aurre egitea eta langile-klasearen interesak defendatzea.”

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista