Iruñerriko Mugimendu Feministak sanferminetan gutxienez 15 eraso gertatu direla salatu du
Gizartea
Maite de Felipe Suso
Iruñerriko Mugimendu Feministak sanferminetan gutxienez 15 eraso sexista gertatu direla salatu du. Ostegun honetan eman dute horren berri eta gogorarazi dute oraindik sanfermin jaien erdia geratzen dela.
Azaldu dutenez, jaietan izandako hainbat eraso sexistaren berri izan dute. Alde batetik, azpimarratu dute uztailaren 8ko gauean emakume batek “intentsitate altuko” sexu eraso bat jasan zuela. Hala ere, emakumeak erasotzaileari aurre egin eta handik ihes egitea lortu zuen. Mugimendu Feministaren arabera, “intentsitate baxuko” beste 14 erasoren berri izan dute uztailaren 6az geroztik.
Iruñerriko Mugimendu Feministak argi utzi du jaiez askatasunez disfrutatzeko eskubidea dutela, gauez zein egunez. Nabarmendu dute ez dutela inolako erasorik onartuko eta ez dituztela guztienak diren espazioak utziko. Hala, erasoak eta emakumeek “beste urte batez” bizi duten egoera salatzeko elkarretaratzea deitu dute uztailaren 12rako, 21:00etan Gaztelu plazan.
Sanferminetan, gainera, Maruxak taldeak eraso homofobo bat jasan du. Taldekideek azaldu dutenez, iraindu egin zituzten eta kristalezko botilak bota zizkieten hainbat gizonek.
Bestalde, Joseba Asiron Iruñeko alkateak jakinarazi duenez, sanferminetan aurkeztutako salaketek %31 egin dute behera eta oraingoz jaiak “oso ondo” igarotzen ari direla esan du.

















