Joseba Asiron Iruñeko alkateak sanferminen balorazio “positiboa” egin du
Gizartea
Leire Llano
Joseba Asiron Iruñeko alkateak “oso positibotzat” jo ditu jaiak eta “normaltasuna” azpimarratu du. Nabarmendu du bero handiagatik hainbat ekitaldiren ordua aldatu edo bertan behera utzi behar izan dituztela.
Endika Alonso, Zaloa Basabe eta Maider Beloki zinegotziek ere norberak bere alorreko datuen berri eman dute. Alonsok azpimarratu du aurtengo sanferminetan azken urteetan baino salaketa gutxiago izan direla, baina atxilotuen kopurua igo egin dela. Salaketa horietako gehienak lapurrengatik izan direla zehaztu dute, eraso matxisten salaketak aintzat hartu gabe. Hain zuzen, Basabek azaldu du 28 eraso matxista salatu direla: horietako 25 ukituengatik izan dira, bi intentsitate altukoak eta bortxaketa saiakera bat ere izan dira. Iruñeko Udalak eskertu egin du Iruñerriko Mugimendu Feministak jaietan zein urte osoan egiten duen lana, eta iruindarrak txalotu ditu eraso sexisten aurka izan duten erantzunagatik.
Amaitzeko, Belokik zehaztu du Ojete Calor, Koma, Hofe, La Mala Pekora eta Sedientos de Cumbia izan direla kontzerturik jendetsuenak eta erraldoi eta buruhandien konpartsaren emanaldiak eta su artifizialak, berriz, ekitaldirik jendetsuenak. Era berean, Oinez txokoa, Herri San Ferminak eta DLC Kultur espazioak goraipatu ditu programazio alternatiboa eskaintzeagatik eta sanferminen parte izateagatik ere.

















