Skip to main content

Korrikan migratzaile batzuk lagundu izanagatik auzipetutako ekintzaileak absolbitu dituzte

Gizartea

Ainhoa Lainsa Merino

2026, ots. 18 - 13:02

Korrikaren 23. edizioan 36 migratzaileri Gipuzkoatik Lapurdira pasatzen lagundu izana egotzita auzipetutako zazpi ekintzaileak absolbitu egin dituzte. Baionako Auzitegiak astearte honetan hartu du erabakia, eta errugabetzat jo ditu guztiak.
LAB sindikatuak garaipentzat hartu du ebazpena, eta adierazi du absoluzioak hasieratik defendatu dutena berresten duela: “Klase elkartasuna ez da delitua, betebeharra baizik”.
2024ko martxoan, 23. Korrika Irunen hasi eta Lapurdira abiatu zen, ‘Harro Herri’ lelopean. Testuinguru horretan, 36 migratzailek Irun eta Hendaia arteko Santiago zubia pelotoiarekin batera gurutzatu zuten, ekimenaren petoak jantzita zituztela. Haiei laguntzea egotzita, zazpi herritar auzitara deitu zituzten, eta fiskaltzak 1.000 eta 1.500 euro arteko isunak eskatu zituen haientzat.
Horren aurrean, milaka lagun mobilizatu ziren ‘J’accuse’ lelopean, autoinkulpazio kanpaina baten bidez. Epaiketa 2025eko urrian gauzatu zuten, eta astearte honetan jakinarazi dute ebazpena. LABek herritarren ekimena txalotu du, eta uste du epai hau “elkartasun uholde horren emaitza” dela. Azken finean, sindikatuaren esanetan, “garaipen herrikoia” izan da.
LABek, gainera, salatu du ez zegoela ekintza epaitzeko beharrik, eta horren ordez, “heriotza, arrazakeria eta eskubideen urraketa sistematikoa dakarten legeak eta politikak” epaitu beharko liratekeela. Asteartean plazaratutako oharrean argi utzi du haien iritzia: “Elkartasuna ez da delitua. Migrazioa ez da delitua”.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista