Maria Chivitek Euskara Nafarroako “hizkuntza propioa” izan dadila defendatu du
Gizartea
Gaizka Leitza eta Leire Llano
Maria Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakaria Foru Hobekuntza aldatzeko prest agertu da ostegun honetan. Euskara Nafarroako “hizkuntza propioa” izan dadila defendatu du Parlamentuko osoko bilkuran, eta erreferentzia egin dio Euskalgintzaren Kontseiluak Iruñean egindako manifestazioari ere. Chivitek adierazi du Foru Hobekuntzaren 9. artikulua moldatzea proposatuko duela euskara Nafarroako “hizkuntza propio” gisa aitortu ahal izateko.
Foru Hobekuntzaren Legea eguneratuko duen lantaldea horretan ari da jada eta lehendakariak ere bertan parte hartuko du. Azken urteetan, euskarak “konnotazio politikoak” izan dituela adierazi du Chivitek, baina uste du gizarteak “gainditu” duela etapa hori.
Pasa den ekainaren 13rako Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako manifestazioan instituzioei eskatu zieten euskaraz bizitzeko behar diren baliabide guztiak jar ditzatela eta hizkuntzaren ezagutza orokortu dezatela. Eskaera horrekin bat egin du Chivitek, eta defendatu du “sozializazioan aurrera egiteko giltzarria” dela.
Kontseiluak bere aldetik adierazi du Nafarroako lehendakariaren adierazpenak “poz neurtuz” jaso dituela. Izan ere, nabarmendu du “gutxienekoa” dela euskara ofizial egitea Nafarroa osoan eta horretarako “urrats eta irtenbide errealak” eskatu ditu.

















