Nafarroan gero eta elebidun gehiago daudela ondorioztatu du Nastatek egindako ikerketak
Gizartea
Maite de Felipe Suso
Gero eta gehiago dira Nafarroan gaztelaniaz ez ezik, beste hizkuntza batean ere mintzo direnak. Nastat Institutuak hizkuntzen etxeko erabilerari buruzko inkestan jasotako datuak dira. Nahiz eta oraindik erdaraz bakarrik aritzen direnak gehiago izan, %77, ikerketak egoera aldatzen ari dela ondorioztatu du. Izan ere, duela hamar urte Nafarroan %86,7k gaztelaniaz bakarrik egiten zuten etxean.
Nastatek 15 urtetik gorako populazioa ikertu du datuak lortzeko, eta lortutako emaitzek argi utzi dute etxean bi hizkuntza edo gehiago erabiltzen dituztenen artean, euskaldunak direla nagusi, zehazki, %58,5. Dena den, institutuak aitortu du, beste hizkuntza batzuen gorakada antzeman dutela, arabiera eta ingelesa, batik bat.
Bestalde, Nafarroako elebidunen banaketak Euskararen Legeak ezarritako zonifikazioarekin eta migratzaileen komunitateen banaketarekin lotura zuzena duela jakinarazi dute. Izan ere, eremu ez-euskaldunean, etxean bi hizkuntza erabiltzen dituztenen artean soilik %12 dira euskaldunak. Eremu euskaldunean, aldiz, ia elebidun guztiak euskaldunak dira: %93,3.

















