Skip to main content

Sanferminak kolorez jantzi ditu zortzigarren Mazedoniak

Gizartea

Leire Llano Ibarrola

2026, uzt. 13 - 12:07

Igande honetan zortzigarren Mazedonia ospatu da Iruñeko Sanferminetan. Beroari aurre eginez, 34 elkarte eta ehunka lagun atera dira kalera ospakizun koloretsu honetan.

Arratsaldeko 17:30ak aldera atera da kalejira Iruñeko San Lorentzotik, kale nagusitik, eta kilometro inguruko ibilbidea egin dute. Alde Zaharreko kaleak zeharkatu dituzte, Kolonbia, Bolivia, Ekuador edota Txileko musiken eta dantzen erritmoan eta arropa tradizionalak jantzita. Gaztelu plazan amaitu da ekimena: bertan, Duguna Iruñeko dantzarien taldeak ikuskizuna eskaini du, eta mazedoniak banatu dituzte bertaratutakoen artean kulturen arteko “elkarbizitza” irudikatzeko.

Hain zuzen, kalejiraz eta ospakizunaz haratago, Iruñerriko “aniztasun kulturala eta askotariko kulturen arteko bizikidetza erakustea” izan dute helburu partaideek, eta iruindarrei hirian “integratu” izana eskertu diete: "Gizarte honen parte izan nahi dugu, baina sustraiak galdu gabe", adierazi dute parte hartzaileek.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista