UEUk udako ikastaroei hasiera eman die lehenengo ekitaldiarekin
Gizartea
Ainhoa Lainsa Merino
Udako Euskal Unibertsitateak udako ikastaroei hasiera eman die ostegun honetan egin duten ekitaldiarekin: ‘Euskararen balio ofizial akademikoaren erronka unibertsitatean’.
Aitor Bengoetxea Alkorta UEUko zuzendariaren arabera, aurtengo erronka euskararen pizkunde berriari ekitea da, eta unibertsitateari dagokionez, baita pizkunde akademikoari ere. Horretarako, Euskaltzaindiarekin elkarlanean egin dute udako agendari hasiera eman dion lehen ikastaro hau.
Ekitaldian azaldu dutenez, Euskal Unibertsitatea da sortzez UEUren helburu nagusia: Euskal Herriko zazpi lurraldeak bere osotasunean hartu eta euskara hizkuntza-ardatz nagusi duena, euskal gizartearen behar nagusietan oinarrituta. Izan ere, haien esanetan, “euskarak bere unibertsitatea behar duela sinistuta” daude.
Hala, adierazi dute euskararen eta unibertsitatearen arteko erlazioan aurrerapen handiak egin dituzten arren, azken urteetan hainbat desbideraketa egon direla: euskarazko ekoizpen zientifikoaren gainbehera, esaterako. Kezka horren aurrean, jardunaldian gaia landu dute, sortu diren hainbat galderei erantzuteko asmoz: Zein da euskarak unibertsitatean duen balioa? Zer egin daiteke egoera hori hobetzeko?

















