Skip to main content

Unibertsitatera sartzeko proban euskara azterketa egin zuten 1.778 ikaslek berrikusteko eskatu dute

Gizartea

Maite de Felipe eta Mikel Lopez de Ciordia

2026, eka. 19 - 13:06

Unibertsitatera sartzeko proban egindako euskarazko azterketa berrikusteko eskatu dute 1.778 ikaslek. Eskaera egin dutenen artean badaude azterketan 0 atera dutenak ere. Hala jakinarazi du ostegun honetan Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak, Joxerramon Bengoetxeak, Bilbon egin duen agerraldian. Bertan, gogoratu du behin betiko notak datorren astean argitaratuko dituztela, eta nabarmendu du berrikuspenetan “inpartzialtasuna eta neutraltasuna” bermatuko dituztela.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 12.000 ikasle inguruk egin dute unibertsitatera sartzeko proba aurten, eta %95,26k gainditu dute. Dena den, A ereduko Bilboko itunpeko bost ikastetxeetako 60 ikasle inguruk emaitza apalak atera dituzte Euskara eta Literatura azterketan.

Hain zuzen, 0 eta 2 arteko nota atera dute. Hori dela eta, ikasleek protestak egin dituzte azalpenak eskatzeko eta azterketa horien berrikuspena exijitzeko. Izan ere, haien ustez, “zuzenketetan akats teknikoren bat” egon daiteke. Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak baieztatu duenez, ikasle horiek azterketaren berrikuspena eskatu ostean, ugaritu egin da hori eskatu duten ikasleen kopurua.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista