Skip to main content

Urruñako erretorea kargutik kendu dute ustezko sexu abusuengatik

Gizartea

Ainhoa Lainsa Merino

2026, eka. 08 - 14:06

Urruñako San Bixintxo parrokiako erretorea zen Xavier Zabaleta apaiza kargutik kendu dute, sexu abusuak egin izana egotzita haren aurka ikerketa bat abian dela jakin ondoren.

Sud Ouest egunkariak igande honetan argitaratu duenez, Zabaleta ikerketapean dago ustezko sexu abusuengatik. Urruñara iritsi aurretik, Beziersen jardun zuen apaiz gisa, eta, informazio horren arabera, han zegoela adingabe bati sexu erasoa egin izana leporatzen diote.

Egunkariak zabaldu duenez, Marc Aillet Baionako apezpikuak adierazi du joan den martxoan izan zuela apaizaren aurkako ikerketaren berri. Horren ondorioz, Zabaleta Urruñako parrokiaren arduratik kentzea eta auziaren jarraipena Beziersko kongregazioaren esku uztea erabaki du.

Baionako apezpikuak berak eman zien erabakiaren berri Urruñako fededunei joan den asteburuan , meza ostean irakurritako gutun baten bidez. Oraingoz, Xavier Zabaletak ukatu egin ditu bere aurka egin diren akusazioak, hala ere, ikerketa zabalik dago eta kasua aztertzen jarraitzen dute Beziersen.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista