EAEk eta Kanariek euren muga estatusa onartzeko eskatu diete Espainiari eta Europari
Politika
Xabi Ealo
Fernando Clavijo Kanariar uharteetako presidentea hartu du Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Ajuriaenean. Lehendakariak iragarri duenez, bi gobernuek idatzi bateratua egingo dute Espainiako Gobernuari eta Europar Batasunari bideratuta, ofizialki onartzeko Euskal Autonomia Erkidegoak eta Kanariek daukaten muga-estatusa.
Zentzu horretan, Migrazio eta Asilorako Europako Itunean bi administrazioen parte hartzea berma dezatela ere eskatu dute, eta, era berean, Bidasoaren muga migrazio espezialitate espezifiko gisa aitortzea.
Ajuriaenetik Sabin Etxera egin du Clavijok eta bertan bilera izan du Aitor Esteban EAJko Euskadi Buru Batzarreko presidentearekin. Bi lurraldeetan ematen den egoera politikoa aztertu dute, eta migrazio politikei elkarlanean heltzen jarraituko beharra azpimarratu dute.

















