Skip to main content

EAJk Ibone Bengoetxea proposatu du Bizkaiko ahaldungai nagusi izateko

Politika

Ane Garitaonandia Etxebarria

2026, urr. 09 - 11:10

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia ez da berriro hautagai izango 2027ko udaberrian egingo diren foru-hauteskundeetan. Hala jakinarazi du Bizkaia Buru Batzarrak eta Etxanoberen ordez, Ibone Bengoetxea egungo eusko jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura sailburua proposatu dute hautagai.

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia da 2023tik. Unai Rementeriaren lekukoa hartu zuen eta kargu hori bete duen lehen emakumea izan da.

Ibone Bengoetxea ibilbide luzeko politikaria da: Jaurlaritzako egungo ardurez gain, aurretik Bilboko alkateorde izan zen, eta Bizkaiko Aldundia ere ezagutzen du. Herri Administrazioko eta Erakunde Harremanetarako diputatu izan zen 2015etik 2021era. Ibone Bengoetxeaz gain, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente izateko hautagai Ana Otadui proposatu du BBBk. Proposamen hori oinarriek berretsi beharko dute urriaren erdialdean horretarako irekiko den barne prozesuan.

Bestalde, EH Bilduren oinarriek jada baieztatu zuten Iker Casanova izango dela koalizioaren zerrendaburua. PSE-EEk, berriz, Teresa Laespada aurkeztu du ahaldungai nagusirako. PP alderdia, berriz, aldaketa betean da EAEn, eta oraindik ez du hautagairik aurkeztu, eta Ahal Dugu-n Richar Vaquero alderdiko buruak ahaldungai nagusi izateko asmoa azaldu du. 

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista