Euskal Herriko hainbat alkatek Foruen abolizioaren eta Bergarako Alkateen Mugimenduaren urteurrenak oroitzeko deia egin dute
Politika
Ainhoa Lainsa Merino
Hego Euskal Herriko EH Bildu eta EAJko hainbat alkate elkartu dira ostegun honetan, Foruen abolizioaren 150. urteurrena eta Bergarako Alkateen Mugimenduaren 50. Urteurrenaren oroimen ekitaldirako deia zabaltzeko. Agurain, Amurrio, Andoain, Asparrena, Azkoitia, Beasain, Bermeo, Berriozar, Derio, Etxarri Aranatz, Legutio, Oñati, Plentzia, Santurtzi eta Zamudioko alkateek hartu dute parte ekitaldian.
Leire Artola Beasaingo alkateak eta Izaro Elorza Oñatiko alkateak hartu dute hitza. Iragarri dutenez, uztailaren 19an oroimen ekitaldia egingo dute Bergaran. Haien esanetan, 2026. urtea bereziki esanguratsua da Euskal Herriarentzat, garrantzi historiko eta politiko handia duelako.
Azaldu dutenez, Foruen abolizioa herriaren borondatearen gainetik ezarri zen, eta ondorio sakonak izan zituen Euskal Herriaren antolaketan. Mende bat geroago, Bergarako Alkateen Mugimenduak urteurrena baliatu zuen Euskal Herriaren nortasun nazionala, eskubide historikoak, udal tradizio demokratikoa eta autogobernurako nahia aldarrikatzeko.
Alkateek nabarmendu dute Euskal Herriak gaur egun ere “ukatua eta zatitua” izaten jarraitzen duela, eta ez dituela oraindik bere lurraldetasuna eta burujabetza osoa berreskuratu. Horregatik, Euskal Herriaren nazio izaera eta herritarrek beren etorkizun politikoa libreki erabakitzeko duten eskubidea berretsi dituzte.
Era berean, gainerako udal, eragile eta administrazioei dei egin diete uztailaren 19ko ekitaldira batzeko, 1976ko udal ordezkarien ekarpena aitortu eta Euskal Herriaren eskubide historikoen aldeko konpromisoa berritzeko.

















