Manifestazioa egingo dute Iruñean urriaren 25ean, Elhadji Ndiaye hil zutenetik 10 urte betetzen direnean
Politika
Maite de Felipe Suso
Elhadji Ndiaye hil zutenetik hamar urte beteko dira urriaren 25ean, eta haren izena daraman Nafarroako gune autogestionatuak manifestazioa deitu du. Asteazken honetan egindako prentsaurrekoan eman dute mobilizazioaren berri. Azaldu dutenez, “krimen hori sistema kapitalistak burutu zuen, arrazakeria estrukturalaren erantzule zuzena den sistemak”. Haien iritziz, gainera, “arrazakeria poliziaren protokoloetan eta korporatibismoan sartzen da, eta, beraz, arazo estruktural bihurtzen da”.
Ildo horretan, nabarmendu dute Elhadji ez zela kasu isolatu bat izan, eta gogora ekarri dute duela egun batzuk Hondarribian hil zuten Babacar. Gune autogestionatuak adierazi duenez, “estatu-arrazakeriaren biktima guztientzako benetako justizia exijituko dute manifestazioan”. Dena den, aitortu dutenez “badakite justizia ez dela indarkeria hori gauzatu eta babesten duten erakundeetatik etorriko”.
Horiek horrela, urriaren 25ean Udaletxe plazatik abiatuko den mobilizazioan parte hartzeko deia luzatu dute, haien hitzetan, “gure esku dago zigorgabetasunari aurre egingo dion metabolismo sozial bat sortzea”.

















