Subflubiala Ez! plataformak salatu du guztira 7.000 euroko isuna jarri dietela
Politika
Maite de Felipe Suso
Bilboko itsasadar azpiko autobidearen aurkako protestengatik 7.000 euroko isunak jarri dizkiete Subflubiala Ez! Plataformako hainbat kideri.
Bi protestengatik jarri dizkiete isunak. Alde batetik, plataformak azaldu du iazko uztailaren 23an protesta “baketsua” deitu zuela Bizkaiko Foru Aldundiaren Bilboko egoitzaren aurrean autobide berriaren eraikuntzaren aurkako jarrera adierazteko. Bertan, Ertzaintzak hainbat pertsona identifikatu zituen, eta urtebete geroago, 3.000 euroko isuna jaso du plataformak.
Bestetik, duela hilabete inguru plataformako beste zenbait kidek ere isunak jaso zituzten pankarta bat zabaltzeagatik.
Horiek horrela, plataformak salatu du guztira 7.000 euroko isuna jaso dutela haien jarduera politikoagatik, eta “errepresio ekonomikoaren bidez proiektuaren aurkako jarrera isilarazten” saiatzen ari direla. Gehitu dute ekonomikoki ito nahi dituztela, proiektuaren eragin ekologikoak eta kostu sozialak salatu ez ditzaten.

















