Zupiriak Erkorekak ertzain batek Getxon jipoitutako emakumearen auzian esan zuena zuzendu du
Politika
2018an Getxoko polizia etxean atxilotu zuten emakume bat jipoitzeagatik zigortutako ertzainaren auziaren inguruan galdetu dio EH Bilduk Zupiriari, ea agente haren defentsak zenbateko kostua izan zuen Jaurlaritzarentzat. Zupiriak azaldu du Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu zuela agentearen defentsa. Aurrez, baina, Erkorekak ukatua zuen sailak prozesuan parte hartu izana.
Agenteak emakumeari egindako erasoa bideoan grabatuta geratu zen, irudietan ikusten da bi ukabilkada eman zizkiotela. Auzi hura epaitegira iritsi zen, eta 2023ko azaroan sei hilabeteko espetxe zigorrera, eta isun ekonomiko bat eta biktimari kalte ordain bat ordaintzera zigortu zuten agentea.
Biktimari ere isun bat ezarri zioten, desobedientzia delitu bat leporatuta. Atxiloketaren arrazoia zen agente batzuei aurre egin izana supermerkatu baten aurrean zegoen eskale bat identifikatzen ari zirenean, pertsona hura “gaizki tratatzen” ari zirelako.