Aritz Ganboa, 'Mugari begira': "Benetako erronka mugan sortzen diren gogoetak helaraztea eta istorioak biltzea izango da"
Elkarrizketa
'Mugari begira' saioa estreinatuko du irailean Hamaikak, eta Aritz Ganboa saioaren aurkezlea izan da platoan, erronka eta saio berri honi buruzko xehetasunak emateko.
2019ko urrian gauzatu zuen lehen erronka artzain eta aurkezleak eta Sakanako Arruazu eta Erronkariko Izaba lotu zituen orduko hartan gazta bat soinean. Abuztuan, bigarren abenturari ekingo dio Ganboak, eta Arruazu eta Izabaren arteko mugak aztertuko ditu oraingoan. Izan ere, muga batzuk gaur egungoak dira, eta beste batzuk, aspaldi puskatu ziren arren, hor jarraitzen dute. Eta horietako bakoitzak hainbat galdera eragiten ditu: nola eragiten dute mugek? Nork eta zertarako ezarri ditu? Eta euskaldunok nola kokatu gara mugen aurrean? Nola gainditu edo gainditzen ditugu?
Arruazutik Izabara, mugaz muga, 11 egun eta 11 etapa egingo ditu, herri lurrek eskaintzen dituzten ondare naturalak, eta herri jakintza eta gaitasuna erabiliz. Bere oinez gain, Aralarko pagoz egindako bizikleta eta arraunak izango dira bere baliabide nagusiak. Bidean, hamaika istorio eta hamaika gogoeta bilduko ditu, eta hainbat bizipen eta testigantza eskainiko dituzten protagonisten bila arituko da, lurraldetasuna, kontrabandoa, ondare kulturala, hizkuntza, gobernantza, edota hezkuntza hizpide hartuta.
Aritzen erronkaren berri emango dugu Hamaikaren sare sozialetan abuztuko lehen hamabostaldian, eta bertan jaso eta bildutako guztia 16 ataldeko Mugari Begira saioan ikusgai izango da irailaren 8tik aurrera Hamaikan, hamaika.eus webgunean eta sare sozialetan.

















